Errepresioa salatuko dute bihar Donibane Garazin

Intza Oxandabaratz, Julen Mujika eta Josu Esparzaren atxiloketen aurkako manifestazioa eginen dute

Jenofa Berhokoirigoin.
Donibane Garazi
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Intza Oxandabaratz, Julen Mujika eta Josu Esparzaren atxiloketak salatzeko manifestazioa egingo dute bihar Donibane Garazin (Nafarroa Beherea). Aterabide politikoa orain, errepresioari stop! lelopean eginen da protesta, 15:30ean herriko etxetik abiatuta.

Astearte goizean atxiloturiko bi gazteak askatzeaz gain, Josu Esparzaren kaleratzea, legedi bereziak bukatzea eta euskal preso politikoen eskubideen errespetua eta haien Euskal Herriratzea exijituko dute. Atzo egin zuten prentsaurrekoa Luxi Oxandabaratz Intzaren amak, Emilie Martin Askatasuneko bozeramaileak eta Maider Larrieu ezker abertzaleko kideak, hogei bat lagunez inguraturik zirela.

Frantziako Estatuak «makina errepresiboa berriz martxan ezarri» izana gaitzetsi zuen Martinek. Atxiloketa «mediatikoa» gauzatuz «epe motzeko etekin politikoa bilatzen» dutela azaldu zuen. Joera «lanjerosa» dela errateaz gain, «arduragabekeria handikoa» ere badela salatu zuen. Berretsi egin zuen konponbide politiko bat nahi dutela, «arrazoietatik ondorioetara, prozesu demokratiko batetik lortuko dena».

Harturiko bideari segituko diotela argi utzi zuen Larrieuk: «Bide onean gara, eta horretan segituko dugu, herriz herri konponbide demokratiko horren aurkako pausoak salatuz, borrokatuz, eta aterabide honen aldeko oihu plural eta zabala entzunaraziz». Azkenaldi honetan egin aitzinamenduak azpimarratu zituen, herri harresiaren eraikitzen dabiltzala azalduz eta erranez eskubideen eta demokraziaren alde herritar eta eragile gero eta gehiago direla mobilizaturik. Horrez gain, ohartarazi zuen nazioartetik ere presioa azkartuz doala, adibidetzat emanik herenegun Harremanetarako Nazioarteko Taldeak adierazi izana Frantziako zein Espainiako gobernuek ez diotela erantzun positiborik eman Aieteko eskaerari.

Atxilotuak galdekatuta

Atzo galdeketapean segitzen zuten Oxandabaratzek eta Mujikak. Baionatik (Lapurdi), Bordelera (Frantzia), eta ondotik, Parisera eraman zituzten herenegun. «Beste milaka familiari tokatu zaien bezala, berriz ere guri dagokigu lege antiterroristak ezartzen duen amesgaizto hori bizitzea», zioen atzo prentsaurrekoan Oxandabaratzen amak. Atxiloketa horien bidez «herri honen ahotsa eta proiektua gelditzera etorri dira», esan zuen emakumeak.

Polizia operazioaz geroztik, gauero elkarretaratzeak egiten dabiltza Donibane Garazin. Besteak beste, ezker abertzaleak, ABk eta Segik dute operazioa salatu. Esparzaren Espainiaratzea salatzeko egin elkarretaratzeetan ere gaitzetsi zituen atxiloketak aterabide demokratikoaren aldeko eragileen kolektiboak.

Astearte goizean atxilotu zituzten, Donibane Garazin duten etxean. Bihar goiz arte segi dezake galdeketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.