Kolpistek hasi zuten errepresioak izen propio asko ditu», entzun zen Azazetako (Araba) kaleetan atzo goizean. «Gernika, Durango...», xehatu zituen bozgorailuetako ahotsak. Bada, izen propio horietatik bik garrantzi berezia izan zuten atzo. Azazeta izan zen lehena: 1937an kolpistek inguru horretan hil zituzten hamasei pertsonak omendu zituzten. Bigarrena, Lemoa: miliziano baten gorpuzkiak lurpetik atera zituzten.
Haizeak gogotik astindu zituen bandera errepublikanoak eta ikurrinak Azazetako kaleetan. Gaur zortzi 81 urte beteko dira Arabako mendate horretan hamasei pertsona hil zituztela. Mola jeneralak berak agindu zituen hilketak, kolpisten aurkako ekintzak eragozteko. Urteurrenaren atarian, sarraskia gogora ekarri zuten EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Ezker Anitzak eta Equok. «Araba ezin dugu eraiki ahanzturaren gainean», adierazi zuten lau alderdiek.
Gogorarazi zuten Azazetako sarraskiak «Arabako historia gorriz» markatu zuela. 1937ko martxoaren 31ko iluntzean, bi kamioneta agertu ziren Gasteizko Bake kaleko espetxean. Hamasei pertsona atera zituzten: Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkate hautetsia; zenbait zinegotzi; zenbait alderdi eta sindikatutako militanteak; baita jarrera politiko jakinik gabeko langileak ere. Libre uzteko agiria sinarazi, eta kamioietan sartu zituzten, falangistaz, erreketez eta guardia zibilez inguratuta. Azazeta mendatera eraman zituzten, basoan sartu, tiroka hil, eta hobi batean lurperatu. Urte gutxi batzuk geroago, gorpu batzuk berreskuratu zituzten, ezkutuan. 1978 arte ez zituzten denak atera.
Atzo Azazetan bildutakoek justizia eskatu zuten, «iraganeko zauriak sendatzeko eta etorkizunera begiratzeko». Horregatik, «kezka» agertu zuten PSOEren, PPren eta Ciudadanosen jarreraren inguruan. Hiru alderdi horiek berriki galarazi dute Espainiako Amnistiaren Legea aldatzea, eta frankismoaren krimenak epaitzeko traba izango da aurrerantzean ere.
Aramotzeko hobia
Azazetako ekitaldian, gogora ekarri zituzten historiatik ezabatutako milaka pasarte. 1936tik aurrera desagerrarazi zituzten 143.000 pertsonak, kasurako. Bada, historia horietako bat berreskuratu zuten atzo Bizkaian. Lemoatik gertu, Aramotz mendilerroko iparraldeko magaletan, 36ko gerrako miliziano baten gorpua atera zuten lurpetik. Aranzadi zientzia elkarteko kideek egin zituzten lanak. Han ziren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkoreka, Gogora Memoriaren Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro, eta Lemoako alkate Saioa Elejabarrieta.
Paco Etxeberria Aranzadi zientzia elkarteko presidenteak azaldu zuen 1937an hildako miliziano baten gorpuzkiak zirela. Asturiasen (Espainia) jaiotako batenak, «seguruenik», baina ez dakite nor zen. Lemoatik gertu egon ziren borroketan, Eusko Gudarosteak ez ezik, beste hainbat borrokalarik ere hartu zuten parte: Asturiastik heldutako hiru batailoik, besteak beste. Hobian, hezurrak, Txekoslovakiako bi kartutxo, zenbait txanpon eta larruzko objektu baten arrastoak: «diru zorroa, agian». Lurpetik ateratako milizianoaren hobia herritarren oroimenean mantendu zen, urteetan. Hala, Lemoako bizilagun batek eman zuen hobiratzearen berri: Aramotz mendikatearen iparraldean, erreka baten ondoan, Izartza deitutako eremuan. Informazio horrekin lanean hasi ziren Aranzadiko kideak. 2017an aurkitu zuten lekua, eta atzo berreskuratu zituzten gorpuzkiak.
Errepresioaren hatzak, azalera
Azazetako mendatean kolpistek hil zituzten hamasei pertsonak omendu dituzte. Lemoan, berriz, Aranzadi zientzia elkarteak miliziano baten gorpuzkiak atera ditu lurpetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu