Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erreskate batzuk herritarrei ordainarazteko hartutako erabakiak baditu aurrekariak, nahiz eta gutxi diren Europan. Oraindik ere, inguruko autonomia erkidego eta herrialde gehienetan erreskateak doakoak dira kasu guztietan, baita zuhurtzia gabeziaz jokatzen denean ere, baina badira salbuespenak ere. Herrialde batzuetan, epaitegiek erabakitzen dute zuhurtzia falta egon den kasuetan isuna jarri ala ez.
FRANTZIA
Erreskateak doakoak dira beti, salbuespenik gabe. Baita zuhurtzia falta dagoenean ere. Dena dela, arrazoirik gabe eskatzen bada erreskatea, isun bat jartzeko aukera irekita uzten du Zigor Kodeak. Epaile batek erabaki behar du beti. Oso gutxitan zigortu dute norbait arrazoitu gabeko laguntza eskatzeagatik —2009. urtera arte lauzpabost besterik ez ziren zigortuak izan—.
SUITZA
Mendiko erreskateak kobratzeko bidea ireki zuen herrialdea da. Gaur egun larrialdi zerbitzuek ez dute inor erreskatatzen, baldin eta federatuta ez badago edota erreskatea bermatuko duen asegurua ez duen. Aukera bakarra VISAren zenbakia telefonoz ematea da.
KATALUNIA
2005ean onartu zuen Kataluniako Parlamentuak mendiko erreskateak zenbait kasutan kobratzeko legea. Seinaleei eta debekuei kasurik ez egitea, ekipamendu egokia ez eramatea eta beharrezkoa ez denean larrialdi zerbitzuei deitzea dira Katalunian erreskatea ordainarazteko arrazoiak. Dena dela, fakturak igorri badira ere, orain arte ez dira kobratu.
KANTABRIA
Arduragabekeriaren kontrako tasa daukate ezarria 2003tik Kantabrian, baina inoiz ez dute mendiko erreskate batean ezarri. Besteak beste, legediak zehazten du mendizaleek edota kirolariek erreskatea ordaindu beharko dutela herritarrei eguraldi txarraren berri eman eta horrek kirol hori egiteak dakarren arriskua areagotzen duenean.
ARAGOI
Aragoin Guardia Zibilak egiten ditu erreskateak, autonomia erkidegoarekin duen hitzarmenaren ondorioz. Eta ez dira inoiz kobratzen. Ezta arduragabekeria egon dela irizten dutenean ere.
NAFARROA
Mendizale guztiek bermatua dute mendian erreskatatuak izateko eskubidea. Federatuak izan edo ez. Gobernuak hitzarmena du sinatua aseguruen partzuergoarekin, eta urtero ordain bat jasotzen du. Guardia Zibilak egiten ditu erreskateak.
Erreskatea non ordainarazten dute eta non ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu