Errespetuz ala agintekeriaz?

Hezitzaileen aurkako erasoak ugaritu egin direla argudiatuta, irakasleen agintea bermatzeko lege proposamena aurkeztu du PPk Nafarroako Legebiltzarrean, eta gaur bozkatuko dute. Sindikatu eta aditu askoren ustez, ordea, «autoritarismoa eta eredu zigortzailea» sustatzen ditu testuak.

Bigarren hezkuntzako ikasleak, institutuko gela batean. JAVIER LIZON / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko irailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehen eskola eguna zen Zizur Nagusiko Catalina de Foix ikastetxe publikoan (Nafarroa). Irakasleak errieta egin zion gaizki portatzen ari zen 7 urteko ume bati. Hori ikusita, ikasgelara sartu zen haurraren aita, eta ukabilkada bat eman zion maistrari aurpegian. Zizur Nagusiko Udaltzaingoak gizona atxilotu zuen berehala, eta Foruzaingoko Laguntza Brigadak ere ikerketa abiatu zuen, kasu horietarako protokoloak agintzen duen legez. Joan den asteazkenean gertatu zen. Auziak berripaperen tituluetara egin zuen jauzi; adituak eta ordezkari politikoak irakasleen «babesgabetasunaz» hitz egiten hasi ziren, eta PPko ordezkariek aukera baliatu zuten Nafarroako Legebiltzarrean aurkeztua zuten lege proposamena mahai gainean jartzeko.

Gaur eztabaidatu eta bozkatuko dute Irakasleen Autoritatearen Foru Lege Proposamena legebiltzarrean, eta, PPko eledunek elkarbizitza, errespetua, duintasuna eta horien gisako kontzeptuak azpimarratzen dituzten arren, lege proposamenaren benetako helburua irakasleak «polizia» bihurtzea dela salatu dute hezkuntzako sindikatuetako ordezkari askok.

PPk aurkeztutako zirriborroaren bosgarren, seigarren eta zazpigarren artikuluek sortu dute kezkarik handiena. Horietan, autoritate publikoen izaera aitortzen zaie irakasleei, eta, horren ondorioz, «ordenamendu juridikoan ezarritako babes berezia izanen dute». Horrez gainera, irakasleek esandako guztiak «egiazkotasun presuntzioa» izanen duela dio lege proposamenak, bestelako frogen beharrik gabe. Azkenik, ikasleei buruzko informazio guztia eskuratzeko ahalmena eman nahi die PPk ikastetxeei, eta, horretarako, «beharrezko laguntza» ematera behartuta leudeke ikasleen familiak, lege ordezkariak eta instituzioak.

Sindikatuek ez diote PPren lege proposamenari babes espliziturik adierazi, baina horietako batzuek bat egin dute dokumentuaren mamiarekin. APS Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkarteak, esate baterako, agintari politikoak premiatu ditu erasoei «erantzun sendoa» ematera: «Zizurko erasoa ez da salbuespena. Gure lanbidea gutxietsia dago, eta horren ondorio da gertaera hori. Batzuek nahastu egiten dute autoritatea eskatzea eta autoritarismoz jokatzea. Neurrian beti, baina gogorrak eta intoleranteak izan behar dugu erasoekin», adierazi du elkarteko presidente Alberto Royok ohar batean.

Kepa Yecora irakasle eta Steilas sindikatuko ordezkariaren aburuz, ordea, PPk planteatzen dituen neurriak ez dira onargarriak: «Urteak daramatzagu irakasleen kontrako erasoak salatzen eta protokoloa berritzeko lan egiten, baina irtenbidea ez da inoiz autoritarismoaren bidetik etorriko. Ez gara poliziak».

Nafarroako Legebiltzarrean aurkeztutako lege proposamenean aipatzen diren neurrietako batzuk LOMCE legean azaltzen diren berberak direla nabarmendu du Yecorak. «Steilasek ezin du horrekin bat egin. Ezin dugu babestu zigorrean oinarritutako protokolo bat, oinarria bizikidetzan duten neurriak lehenesten ditugulako. Arazoaren erroetara jo behar dugu, prebentzioa landuta».

Yecorarekin bat dator Paz Frances NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko zigor zuzenbideko irakaslea. Haren ustez, «onargaitza» da PPren planteamendua, sinetsita baitago «mesede baino kalte gehiago» eraginen duela hezkuntza komunitatean eta ikasleen garapen pertsonalean: «Oso oker larria da ikasgeletako indarkeriaren arazoari zigor kodearen bidetik heldu nahi izatea, horrek arriskuan jartzen baitu neska-mutilen hezkuntza prozesua bera».

Hezkuntza Departamentuaren datuen arabera, ikasleek eginak dira irakasleen aurkako eraso gehienak (%82), baina horien kontra zigor kodea aplikatzea «basakeria» dela gaineratu du Francesek. «Motibo asko egon litezke 14 eta 17 urte bitarteko gazte batek indarkeria erabiltzeko: arazoak etxean, gaitz psikologikoak, nerbioak... Horrekin ez dut indarkeria justifikatu nahi, inondik inora, baina eraso baten aurrean gure erantzuna baldin bada gaztea sei hilabetez edo urtebetez erreformatorio batean sartzea, kolokan jarriko dugu haren eskolatzea, eta bizi osorako markatua utziko dugu». Sua itzaltzen gasolina erabiliz saiatzea, alegia.

Zigor zuzenbideko irakaslearen ustez, ideologia oso baten isla da gaur Nafarroako Legebiltzarrean eztabaidatuko duten dokumentua. «Hezkuntza publikoaren inguruko ikuspuntu jakin bat igartzen zaio lege proposamenari. LOMCEren eta zigor kodearen erreformaren norabide berekoa da: obedientzia, autoritatea, diziplina... Kontzeptu horiek guztiak etengabe azaltzen dira PPren araudietan, hezkuntzari lotuak».

Hezitzaileen eta ikastetxeetako langileen kontrako indarkeria errotik erauzteko, baina, erasoen ondorioei bainoago zergatiei erreparatu behar zaiela uste dute bai Francesek, bai Yecorak. «Egungo egoera orokorrari lotua ageri zaigu indarkeriaren goranzko joera. Adibidez, ikasgeletako ratioek eta lanorduek gora egiten duten heinean, hazi egiten da ikasle nahiz irakasleen atsekabea ere. Horregatik, bestelako alternatibak aztertu beharko lirateke; besteak beste, prebentzioa eta bitartekaritza. Iruñeko Biurdana institutuan, esaterako, oso emaitza onak lortu ditu bitartekaritza zerbitzuak», azaldu du NUPeko irakasleak.

Izan ere, Nafarroako eskuinaren aldarrikapenak duela hilabete gutxi hasi ziren arren, ikasgeletako indarkeriarena ez da auzi berria, ezta hurrik eman ere. 2007-2008ko ikasturtetik hona, 165 kasu erregistratu ditu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak. Irakasleek pairatu dituzte eraso gehienak (123), eta gainontzekoak (42), berriz, ikastetxeetako bestelako beharginek. Gehienetan, biktimak emakumeak dira (%64).

Eraso motari dagokionez, berriz, indarkeria fisikoa salatu zuten 83 kasutan (%50), eta irainak edota mehatxuak beste 74 alditan (%44). Zortzi kasutan, berriz, kalte materialak eragin zituzten erasotzaileek.

Juan Carlos Laboreo Afapna elkarteko ordezkariak ekainean adierazi zuenez, ordea, salatzen direnak baino dezente gehiago dira irakasleek pairatzen dituzten oldarrak: «Batzuetan, ikastetxeek ez dituzte erasoak salatzen, beren irudi publikoa kaltetua gerta ez dadin, eta, beste askotan, arazoa gutxiestera jotzen dute irakasleek eurek».

Lantalde sektoriala, abian

Errealitate horri aurre egiteko, protokoloa erabiltzeko deia egin du Yecorak. «Ezinbestekoa da erasoak salatzea eta protokoloa martxan jartzea, biktimak babes juridikoa eta psikologikoa jaso ditzan». Haren irudiko, oso garrantzitsua da erasoa pairatutako irakasleak errudun ez sentiaraztea eta haien gaitasun profesionala zalantzan ez jartzea.

Hain zuzen, helburu horrekin lanean hasia da Hezkuntza Departamentuak sustatutako lantaldea. Gobernuko ordezkariez gain, CCOO, ELA, LAB, Afapna, APS, ANPE, Steilas eta USO sindikatuetako kideak biltzen ditu batzordeak, eta abendurako prest izan nahi dute erasoei buruzko txostena. Iragan asteartean egin zuten lehen bilera. «Protokoloa berritu egin nahi dugu», azaldu du Steilaseko kideak. «Egungo prozedurak hutsune nabarmenak ditu, burokraziak izugarri mantsotzen duelako erasoen aurkako prozesua. Administrazio osoaren babesa bermatu eta irakasleekiko errespetua berreskuratu nahi dugu. Eta hori ez dugu lortuko polizia bihurtuta. Eskola barruko giroa aztertu behar dugu, eta errespetua landu, gatazkak eragozteko».

JAVIER GARCIA. PP

«Galdutako autoritatea itzuli behar diegu hezitzaileei»

Erasoen aurrean, irakasleak «babesgabe» daudela uste du PPko legebiltzarkide Javier Garciak. Horregatik aurkeztu dute irakasleen autoritatearen foru lege-proposamena.

«Galdutako autoritatea eta duintasuna berreskuratu behar dituzte hezitzaileek. Itzuli egin behar diegu estatus hori, eta, horretarako, egungo protokoloa ez da aski. Lan arriskuen prebentziorako legearen aplikazio hutsa da protokolo hori», esan zuen Garciak, Hezkuntza Batzordean.

MARISA DE SIMON. Ezkerra

«Eskolan soilik ez, gizarte osoan landu behar da elkarbizitza»

Ezkerrako legebiltzarkide Marisa de Simonen ustez, «errespetu eta elkarbizitza defizita» ez dagokio soilik hezkuntzaren esparruari: «Gizarteak du arazoa, oro har». Horregatik, elkarbizitza eta konfiantza sustatzeko neurri prebentiboak eskatu ditu, «irakasleen lanari duintasuna itzuliz».

Bortizkeriari aurre egiteko neurriak bai, baina biktimak artatzeko protokoloak ere eskatu ditu. «Ikuskatzaileen, prebentzio zerbitzuen eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatu beharra dago».

CARLOS JIMENO. PSN

«Ikastetxeen borondatearen menpe gelditzen da protokoloa»

UPNk eta PPk bezalaxe, PSNk ere gogor kritikatu du egungo protokoloa, «hutsune nabarmenak» dituela iritzita. Sozialisten talde parlamentarioko eledun Carlos Gimenok salatu duenez, erasoen aurkako neurriak «ikastetxeen borondatearen menpe» daude. «Ikuskatzaileek edo lan arriskuen prebentziorako zerbitzuek, askotan, ez diote sinesgarritasunik ematen irakasleek salatzen dutenari». Eskola bizikidetzarako plan bat adostea proposatu du legebiltzarrean.

TERE SAEZ. Ahal Dugu

«Prebentzio neurriak behar ditugu, auziaren muinari heltzeko»

Ahal Dugu-ren ustez, egungo araudia «hobetu» liteke, baina «munduko legerik onenak ere motz geldituko lirateke kasu askotan». Horregatik, erasoen biktimak «psikologikoki eta juridikoki» laguntzeko neurriak lehenestearen alde dago. Prebentzioa sustatzea ere proposatzen du Tere Saez parlamentariak, «arazoaren muinari heltzeko». Erasoak eragozteko estrategiak diseinatzeko tenorean, genero ikuspegia ere kontuan hartzeko eskatu du.

ESTHER KORRES. EH Bildu

«Auzi honetan ere eragin handia izan dute murrizketek»

Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak ekainean egin zuen irakasleen aurkako erasoei buruzko lan saioa. Bertan, Esther Korres EH Bilduko ordezkariak salatu zuen azken urteetako murrizketek «eragin handia» izan dutela auzian, «irakasleen baldintzen okertzea eta ratioen nahiz lanordu kopuruaren handitzea» ekarri duten heinean. Irtenbidea, zigorretan bainoago, «prebentzio neurrietan datza», Korresen irudiko: «Bitartekaritza, ikastaroak eta balioen transmisioa, adibidez».

KOLDO MARTINEZ. Geroa Bai

«Autoritarismoak ez du erraztuko eskoletako bizitza»

Irakasle eta hezkuntzako langile guztienganako errespetua eta duintasuna sustatzearen alde agertu da Geroa Bai, baina PPren legearen kontra bozkatuko du, «LOMCE legearen hainbat punturen kopia hutsa delako». Koldo Martinez eledunaren ustez, beharrezkoa da ikastetxeetan «balioak eta elkarbizitza sustatzea», eta, tenore horretan, PPren proposamenak «ekarpen eskasa» eginen duela dio. «Autoritarismoak ez du eskoletara elkarbizitza ekarriko».

ALBERTO CATALAN. UPN

«Gobernuak gutxiego egiten duela uste dute irakasle askok»

Irakasleek eta ikastetxeetako langileek pairatzen dituzten erasoak eragozteko, egungo arauak eta protokoloak «murritzegiak» direla uste du UPNko Alberto Catalanek. Are gehiago, gobernuaren egitekoak «zalantzak» sortzen dituela dio: «Irakasle askok uste dute Hezkuntza Departamentuak gutxiegi egiten duela auzi horretan, eta bazterrean utzi dituela». PPren ikuspuntuarekin bat egin arren, uste du egungo esparru juridikoak ematen duela «hobetzeko aukera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.