Nahiz eta atzo Frantziako Errepublikan bi milioi eta erdi lagunek erretiroa atzeratzearen aurkako protesta adierazi -sindikatuek eman dute datu hori-, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ez du amore eman, erretiroaren adina 60 urtetik 62ra luzatzeko asmoa duela adierazi baitu gaur. "Biharko eguneko pentsioak bermatzeko hori da adinik zentzuzkoena erretiroa hartzeko", berretsi du Sarkozyk ohar baten bidez. Urtetik urtera estatua defizit handiagoa pilatzen ari dela dio presidenteak.
Baionan, sindikatuen arabera, hamabost mila lagun bildu ziren manifestazioan. CFDT, CGT, UNSA, FO, FSU eta Solidairesek deitu zuten ekimena, eta bat egin zuten Oldartu kolektiboak eta LABek. Ekainaren 24ko greba deialdian hamar mila lagun elkartu ziren.
Atzo hasi zuen Frantziako Asanblea Nazionalak pentsio sistemaren erreformaren eztabaida, eta punturik polemikoena erretiroaren adin ofiziala 60 urtetik 62 urtera atzeratzea da. Erreforman aldaketa txikiak egiteko prest azaldu da Sarkozyren alderdia -UMP-, baina iragarri du ez duela erreformaren muina aldatuko. Ezkerreko oposizioak aurkakoa botoa eman arren, erreforma onartzeko gehiengo zabala du UMPk.
ekoNOMIA
Erretiroa atzeratzearen alde jarraitzen du Sarkozyk, sindikatuei jaramonik egin barik
"Biharko pentsioak bermatzeko" asmoz, "zentzuzkoena" erretiro adina 60 urtetik 62ra luzatzea dela berretsi du gaur Frantziako presidenteak. Atzo bi milioi eta erdi lagunek protesta azaldu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu