Erretzeko toki itxi pribatuak

Jaurlaritzak ez du txokoetan erretzea galarazteko asmorik; Nafarroan, elkarteak zer egin erabakitzen ari dira

Gora Iruña peñak antolatutako bazkari bat, San Fermin jaietan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 2an indarrean jarri zen Espainiako Parlamentuak onartutako tabakoaren aurkako lege berria, eta toki publiko itxietan erretzeko debekua ezarri zen. Tabernetatik tabakoaren kea desagertu da. Hala ere, toki itxi batzuetan erretzeko aukera dago. Elkarte gastronomiko eta antzekoetan erretzea debekatzen den zehaztu gabe du oraindik Espainiako Osasun Ministerioak. Maria Kutz Nafarroako Osasun kontseilariak esan du legeak elkarteetan erretzea debekatzen duela. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, hori Kutzen asmakeria dela esan du. Lege propioa egingo du Jaurlaritzak tabakoaren debekua arautzeko, eta ez du txokoetan erretzea debekatzeko asmorik. Bitartean, Nafarroako elkarteetako bazkideek legearen interpretazio propioa egin dute. Elkarte batzuetan erretzea guztiz debekatu dute; beste batzuetan, librea da.

Elkarte, txoko eta peñetako kudeatzaileak bazkideak dira, eta izatez toki pribatuak dira. Bazkideek esaten dutenez, «haien bigarren etxea» bezalakoak dira elkarteak sarri. Baina elkarte guztiak ez dira berdinak. Elkarte batzuetan, bazkideak soilik sar daitezke, eta guztiz pribatuak dira. Beste txoko batzuetan, bazkideek gonbidatuak eramateko aukera izaten dute. Eta taberna modura erabiltzen diren elkarteak ere badira, eta horietan edozein pertsona sar daiteke.

Nafarroan ehun elkarte gastronomiko baino gehiago daude, eta guztira 7.000 bazkide inguru biltzen dituzte. Txokoetan erretzea baimentzen edo debekatzen duten bitartean, elkarteek hainbat eratara jokatu dute. Elkarte gastronomiko batzuetan, Iruñeko Gaztelu Leku elkartean kasu, urtarrilaren 2an, legea indarrean jarri zenean, debekatu zuten erretzea. Ignacio Urra elkarteko bazkideak adierazi duenez, zorrotz betetzen ari dira neurria: «Dagoeneko zenbait bazkari eta afari egin dira, eta ez du inork ere erre». Hasieran kexak egon zirela aitortu du Urrak, baina batzarrean hartutako erabaki bat zenez azkenean denek onartu dutela. Ondorioz, «behin betiko» erabakia hartu arte legea beteko dutela esan du. Espainiako Osasun Ministerioak azken hitza ematen duenean elkarteetan erretzea baimentzen badu berriz ere batzarra egingo dutela adierazi du. «Hala ere, legearen benetako eragina bazkide guztiak biltzen dituen bazkari batean ikusiko da», gaineratu du. Gaztelu Leku elkarte gastronomikoak 90 bazkide ditu.

Gure Ihestea Iruñeko elkarte gastronomikoak hogeita hamar bazkide inguru biltzen ditu. Ondorioz, legea indarrean jarri zenetik arazorik ez dutela izan adierazi du bazkide batek elkartearen izenean. Ostiraletan elkartean afaria egiten dute normalean, eta soilik bi bazkidek erretzen dutela azaldu du. Beraz, aditzera eman duenez, elkartean ez da eztabaida «handirik» izan. Bazkideek tabakoaren aurkako legearen inguruan informazio nahikoa izan dutela adierazi du: «Gaian interesa genuelako». Behin betiko erabakiarekin bat egingo dutela gaineratu du.

Batzarrak gaia aztertzeko

Iruñeko Gure Atsegin elkarte gastronomikoan, berriz, «beti bezala» erretzen dutela azaldu dute. «Hona etortzen gara, eta kafea hartzen dugun bitartean, zigarroa edo purua erretzen dugu. Elkartea gure etxea bezalakoa da, eta etxean guk agintzen dugu», adierazi du Javier Perez elkarteko batzarkideak. Elkarteak toki pribatuak direnez debekuaren edo baimenaren gaineko erabakia bazkideei dagokiela azaldu du. Txokoak 65 bazkide ditu, eta erdiek erretzen dute, Perezen esanetan. Aste honetan bazkideek batzarra egingo dute, eta legearen inguruan hitz egingo dute.

Dena dela, hasieran txokoetan erretzeko aukera izango zela esan zutenez Gure Atsegin elkartean erretzen jarraituko dutela jakinarazi du Perezek. «Legea politikariek erabaki dute, inorekin hitz egin gabe. Eta ez gaude ados». Tabakoaren aurkako lege berriaren inguruko informazioa jasotzeko «paper» batzuk eskuragai izan dituztela adierazi du Perezek. «Hori bai, ez dakigu osasun ikuskatzaileek sartzeko eskubidea izango duten edo ez». Elkartean gai «polemikoa» izan dela azaldu Perezek.

Altsasuko Zubiondo elkarteko bazkideek txokoetan erretzeko debekuaren berri hedabideen bitartez izan zuten. Bazkide batek adierazi duenez, albistea entzun zuen egunean elkartean afaria egin zuten, eta beste bazkide bati albistegietan entzundakoaren berri eman zion. Hortaz, Zubiondon erretzeko aukera ote zegoen galdetu zion, eta bazkideak baietz esan zion. Hil bukaeran batzarra egiteko biltzen dira bazkideak, eta tabakoaren lege berriaren gaineko gaia orduan jorratuko dute.

Beñardo Goikoetxea Atallu herriko elkarteko bazkidea da, eta elkarteetan «azkenean» erretzea debekatzen badute erabakiaren kontra egin beharko dela uste du:«Elkarteetako bazkide guztiok presioa egin beharko dugu». Galarazpenaren hautua ez du gogoko. «Elkarteak pribatuak dira, ez dugu inolako diru laguntzarik jasotzen eta ez da zilegi erretzea debekatzea».

Bitartean politikarien iritzia guztiz argitzeko dago. Maria Kutz Nafarroako Osasun kontseilariak argi hitz egin zuen: «Txokoak janaria eta edariak erabiltzen dituzten toki itxiak dira, eta, ondorioz, erretzea debekatuta dago». Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez du hain argi. Aurreko asteko astelehenean autonomia erkidegoetako ordezkariak bilera bat egin zuten Espainiako Osasun Ministerioarekin, eta, antza, hor sortu ziren legearen inguruko interpretazio ezberdinak. Jaurlaritzak zalantza guztiak helarazi dizkio Osasun Ministerioari, baina oraindik erantzunaren zain dago. Nafarroako Gobernuak ere debekuak ondo zehazteko eskatu du.

Otsailaren 3a

Otsailaren 3an onartuko du Eusko Legebiltzarrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ezarriko den tabakoaren aurkako legea. Hasiera batean, lege hori Espainiakoa baino zorrotzagoa izatea zen xedea,eta, besteak beste, umeak doazen automobiletan erretzea galaraztea zuen helburu, baina hori ez da aurrera atera. Elkarte gastronomiko eta txokoetan erretzea ere ez du galaraziko legeak. Onartu dituzten azken aldaketen artean dago urtebeteren buruan taberna eta jatetxeetan egon daitezkeen kalte ekonomikoak ebaluatzea eta horien araberako neurriak har daitezkeen aztertzea. Bide batez, administrazioak tabakoari lagatzeko programak sustatzeko konpromisoa bere gain hartzea ere aipatu dute legean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.