Hilabete pasatxo besterik ez da igaro Tolosako Laskorain Ikastolak 2013ko Kilometroak ospatu zuenetik; Gipuzkoako ikastolen aldeko aldarriak, baina, ez du atsedenerako tartetik. Orioko Herri Ikastolak antolatuko du 2014ko festa, eta dagoeneko, martxan da urte guztiko lan eskergaz arduratuko den lantaldea. Erria txikota izango da leloa, euskal kostaldeko herri arrantzaleetan ohikoa den esaera zahar bat.
Urriaren 5ean izango da euskaltzaleen urteroko hitzordua, eta data iritsi bitartean, hamaika ekitaldi atonduko dituzte, betiere herriaren itsas ondareari lotuta. Arrantzaleen izaera eta auzolanaren presentzia "erabatekoa" izango dela azaldu dute antolatzaileek: "Jaiaren ardatz izango dira".
Lehenbiziko ekitaldia gaur bertan egingo dute festaren aurkezpen ofizial gisa. Iluntzeko 20:00etatik aurrera izango da Karela kiroldegian, eta 60 lagunetik gora taularatuko dira; besteak beste, dantzan, kantuan, narrazioan, antzerkigintzan, arropa desfilean eta bestelako eginkizunetan arituko dira ikastolako ikasle eta irakasleak.
Antolatzaileek adierazi dutenez, ekitaldi "xumea" baina "hunkigarria" izango da, hilabete askotako lanaren fruitua plazaratuko baitute. Ikuskizunak ordubete iraungo du, eta aurtengo leloa eta irudia ere bertan jakinaraziko dituzte.
Zigor Saizar Orioko Herri Ikastolako zuzendariak adierazi du Oriok baduela esperientzia horrelako jai erraldoi batean. Izan ere, 2004an Zarauzko hainbat ikastetxerekin elkarlanean prestatu zuen urte hartako Kilometroak festa. Dena den, orduko "olatua", oraingoan "tsunamia" bihurtuko dela esan du Saizarrek, jaialdia bakarrik antolatzearen lan zamaz jakitun.
42 urteko ibilbidea
Orioko Herri Ikastola 1971. urtean eratu zuen guraso talde batek, eta urtetik urtera hazten joan da. Hazkunde horren lekuko, 42 urteko ibilbidean eraikinetik eraikinera mugitzen aritu dira etengabe, eta, leku faltaren ondorioz, diru inbertsio handiak egitera behartuak egon dira. Hain justu, hori da aurtengo jaialdiaren helburu nagusia: eraikitako azken egoitzaren mailegua kitatzea, eta, posible den heinean, gastuak estaltzea.
Egun, 36 gelatan banatutako 707 ikasle eta 62 langile ditu ikastolak; erdia baino gehiago, oriotarrak. 1999 urteaz geroztik, guraso kooperatiba gisa antolatuta dago, eta lau egoitza ditu herrian.