Orain arte etorkinek osasun txartela «errazegi» eskuratzen zutela iritzita, Ana Mato Espainiako Osasun ministroak iragarri du Atzerritarren Espainiako Legea aldatu eta erroldatzeko irizpideak gogortu egingo dizkietela etorkinei. Erroldatuta egotearekin osasun txartela eskura dezakete, gaur-gaurkoz, etorkinek, baina erroldatzeko irizpideak zorroztuta osasun publikorako sarbidea zailtzea espero du Matok. Hainbat herrialderekin dituzten osasun hitzarmenak ere «berrikusi» egingo dituztela iragarri du.
Ministroen kontseilua egin zuen atzo Espainiako Gobernuak, eta bertan onartu zituzten hezkuntza eta osasun arloko murrizketak. Bi esparruetan 10.000 milioi euro aurreztu nahi ditu Mariano Raxoiren gobernuak. Batzarraren ondoren, Espainiako presidenteorde Soraya Saenz de Santamariak, hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek eta Matok berak eginiko agerraldian ezagutarazi zituzten neurri sortaren xehetasunetako batzuk. «Atzerritarrek osasun zerbitzua gaizki erabiltzearen ondorioz» 2009an Espainiak 917 milioi euroko gastua izan zuela adierazi zuen Matok etorkinengan eragina izango duten neurriak azaltzeko. Gainera, ziurtatu zuen «erkidego guztiek» ezarriko dutela botiken berrordainketa. Osasun arloko mozketak —7.000 milioi euro murriztu nahi ditu osasunean Madrilek— «egiturazko erreformak» direla argitu zuen ministroak, ez egoera ekonomikoaren araberakoak. Edonola ere, Matok sarritan aipatu zuen «beste erremediorik» ez dagoela osasun zerbitzua iraunkorra izan dadin.
Wertek ere zehaztu zituen asteon ezagutarazitako neurri batzuk. Besteak beste, hamar egun baino gutxiagoko gaixoaldiak ikastetxe bereko langileek ordezkatu beharko dituzte. Unibertsitatean, berriz, ministroak azaldu du ez dutela aldaketarik egingo bekak eskuratzeko errenta mailan. 3.000 milioi euro murrizteko asmoa du Madrilek hezkuntzan, baina, Wertek argitu zuenez, oraingo neurri sorta ez da hezkuntza sistemaren erreforma. Aurrerago egingo dute hori. Hezkuntza «arrazionalizatu» egingo dute atzo aurkeztutako neurriekin, Saenz de Santamariaren esanetan.
Intsumisiorik ez
Madrildik etorritako murrizketa sortaren aurka azaldu da Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Ongizate estatuaren alde egingo duela adierazi du, baina aitortu du Espainiako Gobernuaren neurriak ezarriko dituela: «Eusko Jaurlaritza ez da intsumisoa izango. Derrigorrezkoak diren neurriak beteko ditugu, eskumenak gainditzen dituztenen aurka helegiteak jarriko ditugu eta ez ditugu ezarriko behar dugunaren guztiz kontrakoak direnak».
Eusko Legebiltzarrean atzo eginiko osoko bilkuran hitz egin zuen Lopezek. «Ez naiz ni izango ongizate estatua eta politika publikoak ezabatuko dituen lehendakaria», adierazi zuen. Areago, arazoak konpontzeko Jaurlaritzak duen erabakitzeko eskubidea «azken muturreraino» defendatuko duela ziurtatu zuen. «Egin behar denaren kontrakoa» egitea egotzi zion Lopezek Raxoiri, eta «neoliberalak» ez diren neurriak ezartzearen alde egin zuen.
Osoko bilkuran, Espainiako Gobernuaren murrizketen aurrean planto egiteko eta neurriak ez ezartzeko eskatu zion Aralarreko legebiltzarkide Dani Maeztuk Lopezi: «Eztabaida juridikoetatik harago eta epaitegietan aurkez daitezkeen helegiteez gain, uko egin diezaiola Espainiako Gobernuak ezarri gura dituen murrizketak ezartzeari». Maezturen iritziz, «sekula ikusi gabekoa» da Raxoiren gobernuaren neurri sorta: «Ondorioak agerikoak izango dira, hainbeste lan egin ostean, osasun eta hezkuntza publikoaren kalitatea nabarmen urratuko baititu».
Ikasle Abertzaleek ere kritika egin diete Wert hezkuntza ministroak unibertsitate arloan proposatutako neurriei. Ohartarazi dute Madrilek %70 garestitu nahi dituela matrikulak, eta ezabatu egin nahi dituela ekonomikoki bideragarriak ez diren ikasketak: «Baliteke hainbat erkidegotako unibertsitateak ere batzea». Bekak aldatuko dituztela eta, ikasle sindikatuak kaltegarria iritzi dio bekak ikasleen emaitza akademikoen arabera emateari. Hezkuntzaren «elitizazioa eta pribatizazioa» dituzte helburu Espainiako gobernuaren murrizketek, ikasleen ustez. Horren kontra hezkuntza sistema nazionala ezartzeko eskatu dute.
Erroldatzeko irizpideak zaildu egingo dizkie PPk etorkinei
Osasun txartela eskuratzeko oztopoak ezarriko dizkie Espainiak etorkinei, osasun zerbitzuak oker erabiltzen dituztela iritzitaHamar egunez azpiko gaixoaldiak lankideek ordezkatu beharko dituzte ikastetxeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu