Erroskillak begiz joz zein mendian paseatuz, parte hartzera dei egin dute

Portugaleteko azoka, Otxandioko basoa, Durangoko abesbatza, Sopelako itsasertza eta Bastidako elkartea. Horiek dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen bezperan lehendakarigaiek egin dituzten hautuak.

IMANOL PRADALES
Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia, gaur, Portugaleteko azokan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko apirilaren 20a
15:40
Entzun

Herriko azokan barazkiak erostea —eta erroskillak begiz jotzea— edo pago artean mendi buelta bat ematea apirileko larunbat eguzkitsu baterako plan onak izan daitezke. Euskal Herrian izango dira gaurko goiza horrela probestu dutenak. Izan, badira, eta ez edonor.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte bihar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gogoeta eguna da gaur. Atzo amaitu zuten kanpaina, eta, gaur, azken egunetan egin ezin izan dituztenak egiteko baliatu dute eguna lehendakarigaiek. Esaterako, EAJren lehendakarigai Imanol Pradalesek erosketak egin ditu Portugaleteko (Bizkaia) azokan, eta Pello Otxandianok mendi buelta bat egin du Otxandion (Bizkaia). Haiek eta gainerako lehendakarigaiek parte hartzera dei egin diete herritarrei. Hori biharko lana izango da; «gogoeta egitea» dagokie gaur.

«Kanpaina intentso baten eta hilabete askotako lanaren ondoren, atseden hartu eta familiarekin eta lagunekin gozatzeko eguna da niretzat», esan du Pradalesek Portugaleteko azokan. Postuz postu ibili da baserritarren produktuak begiz jotzen, eta lore sorta bat ere erosi du, erosketetan zebiltzan zenbait bizilaguni eskua ematen zien bitartean. Lehendakarigai jeltzalearen ustez, «oso garrantzitsua» da jendeak biharko bozetan parte hartzea: «Euskadiko gobernua jokoan dago».

EH Bilduren lehendakarigai Pello Otxandiano, gaur, Otxandioko Presazelai pagadian. ARITZ LOIOLA / FOKU
EH Bilduren lehendakarigai Pello Otxandiano, gaur, Otxandioko Presazelai pagadian. ARITZ LOIOLA / FOKU

Otxandioko Presazelaiko pagoen artean igaro du goiza Otxandianok, eta paseo bat eman du mendian —praka bakeroak soinean—. Hark ere parte hartzera dei egin die herritarrei, eta nabarmendu du gaur «deskonektatzeko eguna» dela: «Aste eta hilabete luzeetako lana izan da, eta nik uste dut eztabaida politikoaren maila igotzea, elkarguneak bilatzen saiatzea, politika konbentzionalaren kodeetatik ateratzea lan intentsoa dela».

Eneko Anduezak, PSE-EEren lehendakarigaiak, Pradalesen burutazio bera izan du, eta Portugaleteko azokara joan da produktu freskoak erostera. Are, topo egin dute bi hautagaiek, eta elkar agurtu. «Espero eta desio dut euskal gizartearentzako onena gertatzea bihartik aurrera», esan du Anduezak, erroskilla eta lore artean.

Elkarrekin Podemosen lehendakarigai Miren Gorrotxategik kantuan pasatuko du eguna, Durangoko (Bizkaia) Bogoroditsie abesbatzarekin. Hartu du beta partiturak alde batera utzi eta kazetariekin hitz egiteko: «Parte hartzea oso garrantzitsua da, izan herriko programa kulturaletan, izan politikan». Sumar mugimenduko lehendakarigai Alba Garciak ere Bizkaian pasatu du gogoeta eguneko goiza; Gorrondatxetik (Getxo) Sopelara joan da oinez. Arratsaldea aitita-amamekin pasatuko du, eta «indarra» hartuko du biharko.

Kaleko eguzkia aprobetxatu beharrean, PPko lehendakarigai Javier de Andresek barru bat aukeratu du gogoeta eguna pasatzeko. Bastidako (Araba) elkarte gastronomiko batean otordua egin die alderdiko kide batzuei. Esan du «topa» egingo dutela «bihar etorriko denaren alde».

Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaia, gaur, Portugaleteko azokan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Eneko Andueza PSE-EEren lehendakarigaia, gaur, Portugaleteko azokan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.