Zinpeko epaimahaiak erruduntzat jo du 2021ean Iruñeko kartzelako preso bat hiltzeaz akusatutako emakumea; hain zuzen, «maltzurkeriaz egindako hilketa» dela ebatzi du epaimahaiak, eta hamabortz eta 25 urte arteko kartzela zigorra bete beharko du. Epaileak behin-behineko espetxeratzea ezarri dio emaztekiari, epaimahaiak eta fiskaltzak eskatutakoa betez.
2021eko azaroaren 7tik 8ra bitarteko gauean gertatu zen hilketa, bi emakumeen ziegan. Defentsak hamabortz urteko zigorra eskatzen zuen, fiskaltzak hemeretzi urtekoa, eta hildakoaren bikotekidearen abokatuak, berriz, 25 urtekoa.
Fiskaltzak, gainera, 100.000 euroko kalte ordaina eskatu du hildakoaren alabarendako, amarendako eta bikotekidearendako. Halaber, akusazioek eta fiskaltzak mantendu dute zigor erakundea arduratu dadila erantzukizun zibil subsidiarioaz.