Ertzaintza

Ertzainak kamerak soinean eramaten hasiko dira urtearen amaieran

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak esan duenez, Bilbon, besteak beste San Frantzisko auzoan, Gasteizen eta Irunen hasiko dira probak egiten, eta 2024rako denek eramango dituzte.

Ertzain bat manifestariak grabatzen, kamera batekin. ANDONI CANELLADA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 30a
12:33
Entzun

Ertzaintzaren ekintzetan «gardentasun eta berme handiagoa» egon dadin, agenteen uniformeetan kamerak jartzen hasiko dira urte honen azken hiruhilekoan, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak gaur esan duenez.

Beraz, teknologiarekin probak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen eta Irunen (Gipuzkoa). Gero, 2024ko uztailerako, patruila guztietara zabaldu nahi dute neurria. Denera 30 kamera jarriko dituzte hasieran: bi kamera txanda bakoitzeko. Bilbon hemezortzi kamera erabiliko dituzte, eta Gasteizen eta Irunen, seina. Bilbon, gehiago dira, San Frantzisko auzoan indarturiko talde batean hasiko baitira, sailburuak adierazi duenez.

«Egitasmoaren helburua Ertzaintzaren ekintza guztietan gardentasuna hobetzea da, berme gehiago emateko». Erkorekak gaineratu duenez, horren bidez agenteek «ziurtatuko dute inork ez diela salaketa faltsurik egingo». Horrez gain, epaitegietan tresna «garrantzitsua» izango dira kameron grabaketak, «gertaerak argitzeko eta pertsonak identifikatzeko». Hori guztia datuak babesteko legea errespetatuta egingo dela gaineratu du. «Ez gara ari grabazio mugagabe eta indiskriminatuez, baizik eta egoera jakin batzuez».

Ez du kasualitatea ematen neurria Bilboko San Frantzisko auzoan probatzen hasteak, besteak beste. Han, auzotarrek salaturiko hainbat ekintzaren protagonista izan da Ertzaintza azken hilabeteotan, eta asko zabaldu dira bizilagunek harturiko irudiak. Barne Sailak isuna jarri zien horietako batean ertzainek eginikoa bideoz grabatu zuten herritarrei.

Iazko abenduan iragarri zuen Erkorekak egitasmoa martxan jarriko zutela, eta helburua Poliziaren jarduera oro grabatzea izango zela.

Orduan esan zuenez, Bilboko, Gasteizko eta Irungo probek 855.000 euroko aurrekontua izango dute. Proiektuen digitalizaziorako eta berrikuntza teknologikorako diru sailean sartu dute gastu hori. Sail horrek 13,2 milioi euroko aurrekontua izango zuela azaldu zuen, eta, besteak beste, telekomunikazio sistema berezko eta seguru bat edukitzea zela horren helburuetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.