Bart goizaldean bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Ondarroan eta Gizaburuagan (Bizkaia) eta Mutrikun eta Deban (Gipuzkoa), bostak ETArekin zerikusia izatea leporatuta. Ondarroan Xeber Uribe (32 urte) eta Asier Badiola (29 urte) atzeman ditu; Gizaburuagan Ibon Iparragirre Burgoa (36 urte) ondarrutarra; Mutrikun Jabier Zubizarreta Lejardi (40 urte) eta Deban Jon Iñaki Esnaola Alba (34 urte). Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du operazioa.
Lea-Artibai aldeko 11Barri webguneak zabaldu duenez, Ibon Iparragirreren atxiloketa goizeko hiruak inguruan gertatu da, Gizaburuagako bere etxean. Atea apurtuta sartu bide dira ertzainak etxera, eta 08:10 arte egon dira han miaketa egiten. Bost hilabeteko alaba du Iparragirrek, eta bikotekideari utzi diote umea etxetik ateratzen. Gero, ordea, ez diote berari berriro sartzen utzi.
Ertzaintzak dio Iparragirreren etxean pistola bat eta leherkariak atzeman dituela, eta hura dela taldeko burua.
Atxioketak egiteaz gain, zenbait etxebizitza eta egoitza miatu dituzte aipatutako herrietan, guztira zazpi. Albiste agentziek zabaldu dutenez, Ondarroan Kamiñazpiko 50 atarian egin dute miaketa bat eta beste bana Iñaki Deuna kaleko 31 eta 33 atarietan. Debako Astillero ere aipatu dute iturri batzuek. Orain beste miaketa bat egitekotan egongo litzateke Ertzaintza, baina polizia iturriek zabaldu dutenez, mendi inguru batean.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dio atxilotuak inkomunikatuak dituela Ertzaintzak, eta haien senideei telefono zenbaki bat eman diela, "arretarako zerbitzua dela esanez". Atxilotuak Madrilera eramango dituzte, Espainiako Auzitegi Nazionalera.
Aresen teoria
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak eman ditu operazioaren inguruko zenbait xehetasun. Guztiei ETArekin zerikusia izatea egozten zaiela agertu du. Zehatz-mehatz, 2008ko irailaren 21ean ETAk Ondarroako ertzainetxearen kontra bonba-autoz egindako atentatuarekin zerikusia izatea leporatu die, atxilotutako batzuei zuzenean parte hartzea eta beste batzuei laguntza ematea.
Albiste agentziek ETAk 2008ko irailean egindako beste eraso batzurekin ere lotu dituzte atxilotuak goizean zehar, hala nola, Gasteizen Vital Kutxaren kontra egindako atentatuarekin edota Santoñan (Kantabria, Espainia) armadaren kuartel baten aurka egindakoarekin -azken horretan Luis Conde de la Cruz militarra hil zen-. Aresek esan du, ordea, ez dagoela eraso horietan parte hartu zutela adierazten duen zantzu argirik. Azpeitiko (Gipuzkoa) telebista hedagailu baten aurkako erasoa ere egotzi diete.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak adierazi du gaurko operazioarekin ere ikusten dela "Ertzaintzak ETAren aurka egiteko konpromisoa" duela.
Gauza bera azpimarratu du Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak, eta Mariano Raxoi PPko presidenteak dio PPk PSE-EErekin duen akordioa "sendotu" egin duela gaurkoak.
Atxiloketak
Ertzaintzak bost lagun atxilotu ditu Ondarroan, Gizaburuagan, Mutrikun eta Deban, ETArekin zerikusia izatea egotzita
Ibon Iparragirre ondarrutarra atxilotu dute Gizaburuagan -ustez pistola bat atzeman diote-, Xeber Uribe eta Asier Badiola Ondarroan, Jabier Zubizarreta Lejardi Mutrikun eta Jon Iñaki Esnaola Alba Deban. Auzitegi Nazionalak agindu du operazioa. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ETAk 2008an egindako zenbait atentaturekin lotu ditu; besteak beste, Ondarroako ertzainetxearen kontrakoarekin. Atxilotuak inkomunikatuak dauzkate eta Madrilera eramango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu