Ertzaintzak erantzun du andreak ez zuela eman jazarpenaren berri

Deisy Mendozak salaketa bat jarria zeukala eta urruntzeko agindua bazela baieztatu du Jaurlaritzak, baina huts egin izana ukatu duEspainiako Gobernuak iragarri du ikerketa egingo duela akatsik izan ote den argitzeko

Bilboko konpartsek egindako deialdiari ehunka herritarrek erantzun zioten atzo arratsaldean, Arriaga antzokiaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2011ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Bikotekide ohia, ustez herenegun arratsaldean hil zuena, Poliziaren aurrean salatua zuen Deisy Mendozak. Haren senideek hilketaren berri izandakoan adierazitakoa baieztatu du Ertzaintzak: andreak gizonari salaketa jarria ziola eta urruntzeko agindua ere bazela. Mendozaren hurbilekoek esan dute jarraika aritzen zitzaiola bikotekide ohia. «Bagenekien horrelako zerbait gertatuko zela», adierazi zuten, kazetarien aurrean. Babesik eza salatu zuten. Ertzaintzak erantzun du salaketa bat soilik zeukala, andreak ez zuela gizonaren jazarpenaren berri jakinarazi. Herenegun arratsaldean labanaz hil zuen ustez bikotekide ohiak. Aurten emakumeen aurkako indarkeriagatik hildako laugarrena da Deisy Mendoza.

Gizona Ertzaintzaren esku dago, atxilotuta. Berri agentziek jakinarazi dute ospitalean izan zutela hilketaren ondorengo lehen uneetan, zauriak zituelako. Bizilagun batekin izan zuen tirabira, hedabide hainbaten arabera; erasotzaileari labana eskutik kentzea lortu zuen hark.

Biharamuna, salaketa eguna izan zuten atzokoa Bilbon. Aste Nagusiko ekitaldietan tarte bat egin, eta, eguerdian, udaletxeko eskaileretan batu ziren erakundeetako eta konpartsetako ordezkariak, hildakoaren senideak eta ehunka herritar. Hara zein elkartu ziren, besteak beste: Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendia, Herrizaingo sailburu Rodolfo Ares, Bilboko alkate Iñaki Azkuna, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarra, EAEko PPko buru Antonio Basagoiti, eta Bilboko udal taldeetako ordezkariak; Aste Nagusiko pregoilari Kirmen Uribe idazlea eta Patricia Lezama txupinera ere izan ziren elkarretaratzean.

Arratsaldean, 18:00etan, Arriaga antzokiaren aurrean, herritarrek oldean erantzun zioten Bilboko Konpartsek eta hainbat emakume taldek egindako deiari.Erasorik ez erantzunik gabe! leloarekin egin zuten protesta Deisy Mendozaren hilketa salatzeko. Bart gauean, ordu laurdenez itxi egin dituzte txosnak, kasu horietarako duten protokoloari jarraituz. Aldi berean, lapiko jotze bat egin dute festagunean.

Bikotea orain hilabete batzuk banandu zen; senideen arabera, elkarrekin egondako denboran behin baino gehiagotan eraso zion gizonak Mendozari. Salatu egin zuen andreak, eta epaileak urruntzeko agindua ezarri zion ustezko hiltzaileari; irailaren 1era arte, datorren asteko ostegunera arte, zegoen indarrean. Ertzaintzaren arabera, sakelako telefono bat eman zioten emakumeari, larrialdi kasuan berehala deitzeko prestatuta dagoena. Hori zuen babes neurri bakarra.

Hutsala zen neurria, hildakoaren hurkoen esanetan. Hala nabarmendu zuen senide batek herenegun: «Laguntza eskatu, eta soilik telefono bat eman zioten, besterik ez. Gizona inguruan zebilkion beti; atzo bertan [igandean], etxe ondoan ikusi zuten. Besokoa izan balu, salbatuko zen».

Babesik ezagatik kontuak eskatu dizkiote Aralarrek eta Bilduk Jaurlaritzari. Txema Azkuenagak, Bilduren Bilboko zinegotziak, esan du «itxuraz» huts egin dutela protokoloek: «Sakon ikertu beharko da zer gertatu den, eta erantzukizunak eskatu». Aralarrek ere, ohar baten bidez, ikerketa galdegin du: «Protokoloak berrikusi, eta erasoak jasan dituzten emakumeei babes neurri gehiago jarri behar zaizkie».

Bilboko Udala, herri akusazio

Ertzaintzak, ordea, adierazi du ez zuela bikotekide ohiaren jazarpenaren berri eta andreak ez zuela emandako telefonoa erabili. Horrenbestez, Mariola Serranok, genero indarkeriaren biktimei laguntzeko zuzendariak, ukatu egin du huts egin izana. Nolanahi ere, iragarri du protokoloak aztertuko dituztela berriro ere: «Modu perfektua aurkitu nahi dugu hilketa gehiago gerta ez dadin».

Indarkeria kasuak eta arau-hausteak salatu beharra nabarmendu du Serranok. «Mezua honako hau da: salatu, eta jakinaren gainean jarri epaileak, poliziak eta gizarte zerbitzuak, lagun dezaten». Juan Luis Ibarrak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak, adierazi du ezin dutela ziurtatu urruntzeko agindu guztiak betetzen direla: «Ezinezkoa da epaileek eta poliziek neurriak hartzea jakin gabe arau-hauste bat gertatu dela. Salatzen bada soilik jakin ahalko dute». Salatzea herritar guztien ardura dela nabarmendu du auzitegiko buruak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, urruntzeko 1.745 agindu eman zituzten iaz epaileek.

Espainiako Gobernuak, ordea, ikerketa hitzeman du: «Gobernuak ikertuko du zerk huts egin duen, zerbaitek egin badu. Etengabeko lana da gurea», esan du Laura Seara Berdintasunerako Espainiako Estatu idazkariak.

Bilboko Udalak ez du balizko hutsez hitz egin. Salaketaren garrantzia nabarmendu du: «Aktiboki egin behar da lan indarkeriaren kontra: salatuz, ez onartuz, isilik ez geratuz eta biktimei babesa agertuz». Udalak parte hartuko du hilketari buruzko auzian. Herri akusazio gisa arituko da.

Gemma Zabaletak, Gizarte Gaietarako sailburuak, andreei beste eskari bat ere egin die: «Salatzeko deia egin behar zaie, eta babesa exijitzekoa. Erakundeek erantzun egin behar diete dei horiei. Erantzun, irmo eta eraginkor». Patxi Lopez lehendakariak Twitter bidez bidali du mezu labur bat: «Aurre egin behar diogu gaitz honi», esan du. Salaketa mezuak igorri dituzte EAEko ararteko Iñigo Lamarcak, Eudel udalen elkarteak eta UPDk ere.

Elkarretaratze gehiago gaur iluntzean egingo dituzte Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Emakumeen Mundu Martxarako plataformak antolatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.