Espainiako zigor kodearen arabera, talde kriminal bat zera da, delituak egiteko modu hierarkikoan antolatutako talde bat, pertsona bik edo gehiagok osatuta dagoena eta denbora bat irauten duena. Josu Gotzon Lujua Ertzaintzaren Bizkaiko buruak azaldu du definizioa, etaukatu egin du herrialde historikoan horrelakorik dagoenik. Azken asteetan hainbat adingabe eta gazte atxilotu izanak sortu duen alarma baretu gura izan du horrela.
Hedabide batzuek zabaldu dute Bilbo erdigunean hainbat adingaberi lapurreta egin dietenak, Barakaldon abenduaren 30ean neska adingabe bati sexu erasoa egin ziotenak eta abenduaren 23an Ibon Urrengoetxea Urren hil zutenak gaizkile talde bereko adingabeak direla. Lujuak gezurtatu egin du. Esan du gazteek elkar ezagutzen zutela, eta «posible» dela lagunak ere izatea. «Baina ez dago batere daturik pentsatzeko talde antolatu bat direla».
Urrutikoetxearen ustezko hiltzaileek bakarrik jardun zutela zehaztu du Patricia Martinez de Musita komisariordeak. Azaldu duenez, Urrutikoetxea sakelakoarekin distraituta ikusi zutenean gerturatu ziren harengana bi adingabeak. Elkarrizketa hasi zuten, gazteek «borrokaldi txiki bat» hasi zuten arte. «Bietan garaienak ostikoa eman zion, eta buruan hartu zuen kolpea. Ondorioz, Urren atzerantz erori zen, eta zoruaren kontra hartutako kolpeak hil zuen». Azkenean, ez zioten ezer lapurtu: sakelakoa eta dirua aldean zituen.
Lapurreta gutxiago
Azarotik zebilen Ertzaintza Bilboko hainbat auzotan adingabeei lapurretan egiten zien adingabe talde baten atzetik. Herenegun atxilotu zituzten haietako hiru, eta delitu bera egotzi diete beste bost gazteri. Adingabeen Fiskaltzaren esku dago auzia. Polizia lapurretak egindako lekuak zaintzen hastean, auzoz aldatzen ziren. «Beti bakarrik zeuden gazteei egiten zieten lapurretan, taldean. Batzuetan txakur bat eroaten zuten, biktimak beldurtzeko; borra luzagarriak eta burdinazko ukabilak ere erabili izan dituzte».
Nahiz eta kasu horiek pentsarazi delituak gehitu egin direla, Lujuak azpimarratu du kontrakoa erakusten dutela datuek: «Azken bost urteetan beherako joera dute indarkeria erabilita egindako lapurretek Bilbon».
Ertzaintzak esan du ez dagoela gazte talde kriminalik Bilbon
Aitortu du Bilbon lapurretak egiten zituzten adingabeek eta Barakaldoko sexu erasogileek elkar ezagutzen zutela, baina ez dira talde bat

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu