Politika

Ertzaintzak galarazi egin du Pasaiako sarraskia gogoratzeko ekitaldia

Atzo 25 urte hil zituen Espainiako Poliziak, tiroz, Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide, eta horien senideek eta lagunek omenaldia egin nahi zuten.

2009ko martxoaren 23a
16:25
Entzun
Atzo 25 urte, 1984ko martxoaren 22an, Espainiako Poliziak Rafael Delas Txapas, Jose Mari Izura Pelu, Pedro Mari Isart Pelitxo eta Dionisio Aizpuru Kurro Komando Autonomo Antikapitalistetako (KAA) kideak hil zituen Pasaian (Gipuzkoa), tiroz, eta Ertzaintzak atzo galarazi egin zuen lau haien senideek eta lagunek Pasai Donibanen egin nahi zuten omenaldia. Badiako haitzetan hil zituzten, gauez, Lapurditik zihoazela zodiak ontzi batean. Laurek denera 113 tiro jaso zituzten.

Ertzaintzak antolatzaileei esan zien Espainiako Auzitegi Nazionaleko agindu batek zioela ekitaldia debekatuta zegoela eta ezin zela ezer egin. Aukera bakarra jarri zien: hildako bakoitzaren bi senidek izango zutela joaterik haitz haietara, KAAko bi kide ohik ere bai, baina lehendabizi Pasai Donibaneko plaza hustu egin beharko zela.

150 bat lagun zeuden enparantzan, eta ekitaldi oro bertan behera uztea erabaki zuten (manifestazioa, haitzetako omenaldia eta plazako bazkaria zituzten iragarriak).

40 bat ertzain izan ziren atzo Pasai Donibanen: barruti sarreran, plazan eta KAAko kideak hil ziren haitzetan. Beste polizia batzuk Ertzaintzaren beraren itsasontzitik aritu ziren zaintza lanak egiten eta beste zenbait helikopterotik.

Rosa Jimenok bertatik bertara bizi izan zuen orain dela mende laurdeneko sarraskia, Poliziak bahituta eraman zuelako hara -KAAko kidea zen Jimeno-, eta atzo haserre zegoen Ertzaintzaren jokabidearekin. “25 urte pasatu dira eta ekitaldi xumea egin nahi genuen, baina dena hartuta dago. Oso tristea da. Ikusten da hemen nola dagoen demokrazia”, esan zion BERRIA.INFOri plazan bertan.

Poliziarik ez dute zigortu inoiz, baina hari mutur bat zabalik dago epaitegietan. Jimeno ez da baikor, ordea. “Izan ere, poliziak epaileei eta denei adarra jotzen ari dira, gertaeraz ez direla gogoratzen esanez, edo gezurretan ari dira. Baina guk aurrera jarraituko dugu, are gehiago hau dena ikusita”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.