Esan, izan eta goza

Zangozan egingo dute Nafarroa Oinez jaialdia, bihar zortzi.«Hizkuntza txikien handitasuna» nabarmendu nahi dute festaren antolatzaileek

Ezkerretik, Eneko Alkorta, Leire Rebole eta Mikel Belasko, festaren aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
2014ko urriaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azken orduko ukituen zain, dena prest dago Zangozan (Nafarroa) urriaren 19an milaka euskaltzaleri harrera egiteko. Nafarroa Oinez Nafarroako ikastolen festa igandean ospatuko dute, Zangozan, Esan izan Zangozan lelopean. Esan, euskararen erabilpenaren garrantzia nabarmendu nahi izan dutelako; izan, «euskaldun izan eta sentitzea» adierazteko keinu gisa; eta goza, Zangozan zertaz gozatu erruz egongo baita prestaturiko egitarau joriari esker.

Ohiko ibilbideaz gain, lau gune prestatu dituzte antolatzaileek, eta ekitaldi ugari ere bai: umeentzako ikuskizunak, magia emanaldiak, Altxatu, Zartako K, Leihotikan, Esne Beltza, Gose, Glaukoma, Willis Drummond, Balerdi Balerdi eta beste zenbait talderen kontzertuak, dantza emanaldia eta beste hainbat ekitaldi; horien artean, Erronka izenekoa, DBHko gazteen parte hartze aktiboa sustatzea helburu duen txapelketa.

Nafarroako ikastolek aspaldi abiarazitako Txikiak Handi egitasmoak ere segida izango du Nafarroa Oinez-en. «Hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzea eta haien arteko zubiak eraikitzea» du helburu egitasmo horrek, eta aurtengo jaialdian kitxua eta Saharako hassania hizkuntza izango dituzte bereziki gogoan. Euskararen eta hassaniaren aldeko agiri bat izenpetuko dute urriaren 19an, eta ekitaldi horretan Mendebaldeko Saharako ordezkariak egongo dira.

Aztarna ekologikoa

Oinez Basoa egitasmoarekin lotutako tailerrak ere antolatuko dituzte Nafarroa Oinez-en egitarauan. 2008an ekin zioten Nafarroako ikastolek aipatutako egitasmo horri, festak utzi ohi duen aztarna ekologikoa orekatzeko asmoz. Orain arte 17.500 zuhaitz landatu dituzte Nafarroan ekinbide horri esker, eta, aurten ere, ekitaldiak «ingurumenaren kalitatea hobetzeko behin betiko testigantza» utziko du Zangozako inguruetan.

Teknologia berriak ere erabiliko dituzte. Ikastolen Elkarteak eta Euskaltelek prestaturiko Ikastolak aplikazioari atal bat gehitu diote: Ikas Bira, ibilbide osoa egitera bultzatzen duen jokoa.

Nafarroako Gobernuak «ez-euskalduntzat» jotzen duen aldean dago Zangozako ikastola. 35 urte daramatza lanean, euskarazko irakaskuntza sustatzen. Euskarari eta euskal kulturari bultzada emateaz gain, «proiektuaren iraunkortasuna eta hezkuntzaren kalitatea bermatzeko» diru baliabideak lortzea ezarri dute helburutzat aurtengo jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.