"Ana Petralanda naiz, dimoztarra, zamakolista, bizkaitarra. Etorri nintzen hona Euskal Herriko gatazkaren ondorioz, 1980ko azaroan. Hemen, egia esan, oso babestua atzeman nuen neure burua. Ordurako nire senarra Miguel Angel Aldana hemen zen, 1979an etorria. Nire koinatua Alberto Andana hemen zen, 1975ean etorria. Horrek niretzat asko esan nahi zuen. Kidetasuna, Anai Artea elkartea genuen. Gure gorabehera guztiak Anai Artearen inguruan ziren, babesa izan genuen. Gure kidetasuna egunerokoan nabaritzen genuen. Iheslari izateak zer esan nahi zuen? Euskal Herriarekiko maitasuna. Hitz batez esanda, herria maitatzea. Gure idealak betetzeko, bizi honetan helburu bat izan behar dugu, eta helburu hori betetzeko nik bide hori hartu nuen. Oso harro nago nire ibilbidearekin, oso kontent.
Egia da hamarkada luzeetan gauza onak egin ditugula, ikaragarrizko onak. Hiru seme oso ederrak ditut, eta biloba bat. Beste gauza bat da, hona etorri baino lehenago pentsatu ere ez nukeena egingo. Ibilbide luze honetan izan ditugu atxiloketak, konfinamenduak, kartzelan egotea. Nire senarrari tokatu zaio maleruski behin baino gehiagotan kartzelatua izatea. Gaur egun, deportatua dago.
Gai honi jarraituz, ni beti ibili naiz nire maletak harturik. Begira, hemen gibelean itsasoa daukagu. Ba hemendik, itsasotik begiratu eta zortzi mila kilometrora badago beste itsaso bat, Karibe dena. Maite dut Karibe ere, oso ederra da. Maite dut, ez bortxatua zarelarik joatera, ez pertsona bat eramaten dutelarik bere gogoz kontra. Hori gertatu zaio nire senarrari eta deportatu anitzi. Esango nuke niretzat han daudela urrezko kartzelan. Esan daiteke deportazioa dela gaitzik txikiena? Gezurra niretzat. Niretzat deportazioa oso egoera latza da. Batzuek erranen dute eguzkia hartzen ari direla, kokotero baten azpian, hondartzara joaten ahal dira, askatasunean daude. Baina ez da egia, ez da denen bizimoldea. Denak ez daude askatasun osoz. Batzuek ez dute nortasun agiririk, ez dute identitaterik. Orokorrean denek familiaren urruntasuna, afektibitate falta. Aldi oro hori errepikatzen dut. Gutxitan aipatzen dut, ez dut protagonista izan nahi. Baina errealitate bat da. Anitzetan ahaztua izan dugu deportazioa. Ez da aipatu ere egin urteetan eta nik samin hori badut nire barnean. Ez dut aski borrokatuko guztiak, errepresaliatu guztiak, guztiak esaten dut, etxera ekarri arte. Deportazioa, osasun arazoak daudelarik, ezin delarik familiarekin komunikazio zuzena ukan, egon behar zarenean urteetan ikusi gabe, hori ere jasan baitugu... Baina beti gure bidea jarraituz, inoiz amore eman gabe, gure bide zuzenari jarraituz.
Gaur egun, han dira deportatuak. Baditugu Afrikan, Ameriketan, Kuban, Venezuelan, Uruguain. Latinoamerikan, han, banaturik. Baditugu Sao Tomen, Cabo Verden. Denak kideak eta denak maitagarriak. Baina ez ditut ahantzi nahi sasian daudenak, presoak. Denak aipatu nahi nituzke momentu honetan, nire testigantzan. Horretan borrokatuko naiz, den-denak etxera ekarri arte; ez bide erdira, etxera. Eta duintasunez. Gure ibilbide honetan 30 urte pasatu dira. Baina gure borroka luzea da. Ez da egun bakarrekoa. Badaukagu presa, bai, baina gauzak zuzenki eginik eta amore eman gabe. Mobilizatu baina ez bakarrik manifestazio handietan, baizik eta eguneroko elkarretaratze, egunerokotasunean militante izatez. Horrela lortuko dugu gure herria askatzea. Gero ere egongo da zer egin. Ez da hor amaituko, etxera ekarrita denak. Jarraitu beharko dugu. Euskal Herria nahi badugu independiente eta sozialista izatea, badugu zer egin".