ESK zatitu eta Solidari sortzea erabaki dute Nafarroan

Ezker Sindikatuaren Konbergentziaren Nafarroako zuzendaritzak eta sindikatuko zuzendaritza nagusiak urteak egin dituzte irizpide sindikal eta politikoen inguruan eztabaidan, eta afiliatu nafar gehienak erakundearen lehentasunekin ados ez daudela-eta hartu dute azkenean erabakia.

2010eko ekainaren 3a
15:00
Entzun
"Edozein banaketa da mingarria, baina denbora askoan ez gara bat etorri bi aldeen artean, eta ulertu dugu hau dela aukera ez horren txarrena". Horixe azaldu dute gaur ESK Ezker Sindikatuen Konbergentziaren Nafarroako Batzorde Probintzialak eta Batzorde Nagusiak ohar batean. Joan den maiatzaren 28an iritsi ziren akordiora ESKko zuzendaritza eta Nafarroakoa. Hitzartutakoaren arabera, ondasunen banaketa egingo dute, eta afiliatuek aukera izango dute Solidari sindikatura joateko edo ESKn geratzeko. ESKk Nafarroan ere jarraituko du.

ESK-ko Nafarroako zuzendaritzak eta sindikatuko zuzendaritza nagusiak urteak daramatzate irizpide sindikal eta politikoen inguruan eztabaidan. Afiliatu nafar gehienak ez datoz bat erakundearen lehentasunekin, eta ELA eta LAB sindikatuekiko harremanei buruzko iritzia ere ez da bera.

Autonomia handiagoa

Duela bost urte, Nafarroako ESK-ko zuzendaritzak autonomia handiagoa eskatu zuen. "Kostatuta, baina, lortu zuen. Desadostasunak gero eta handiagoak ziren, ordea". Sindikatuko buruzagitzakoek, baina, herrialdeetako egituren autonomia defendatu dute. "Badute euren kabuz erabakiak hartzeko eskubidea. Egoeraren eta unearen araberako erabakiak har ditzakete, eta hartzen dituzte".

2008ko azaroan egin zuten ESK-ko III. Biltzar Nagusia, eta oso ordezkari gutxi joan ziren Nafarroatik. Hori ikusita, sindikatuaren barruko harremanak aztertzeko prozesu bat hasi zuten. Eta iazko ekainean, galdeketa egin zuten Nafarroako afiliatuen artean. Nafarroako adarreko afiliatuen gehienak erabateko autonomiaren alde bozkatu zuten. Nafarroako ESKren eta beste herrialdeetako adarren arteko harremanak unean uneko akordioetan oinarri zitezen nahi zuten. "Euskadikoek ez dute onartu hori, eta horrek ekarri du banaketa".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.