MANUEL LEKUONA SARIA

Esker onez jaso du Joan Mari Torrealdaik Manuel Lekuona saria

"Ez naiz izar bat; ezta Eguzkia ere". Xalbadorren hitzak hizpide hartuta bere obraren kolektibotasuna aldarrikatu du, Martin Ugalde kultur parkean egin den ekitaldian. Bideoa: Joan Mari Torrealdairen hitzaldia (BERRIA TB). [youtube]https://youtu.be/l_7JgFv-yTQ[/youtube]

arantxa iraola
2016ko martxoaren 12a
09:20
Entzun

Euskal kulturaren alde Joan Mari Torrealdaik (Forua, Bizkaia, 1942) egindako lana saritu du Eusko Ikaskuntzak. Manuel Lekuona saria eman dio euskal kulturan "eredugarri" eta "erreferente" izateagatik. Euskaltzaindiako buru Andres Urrutiak egin du Torrealdairen figura goratzeko hitzaldia. "Euskal kulturaren mesedetan" hark egindako lanaren garrantzia nabarmendu du, eta ezagupideak "herriaren onurarako jartzeko" egindako ahalegina zinetan eredugarria dela adierazi du. Agintari ugari hurbildu dira ekitaldira, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Cristina Uriarte, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Nafarroako Gobernuko bozeramaile Ana Ollo eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Markel Olano, besteak beste. Bere kultur ibilbidean lagun eta kide izan dituen pertsona asko ere alboan izan ditu.

Bereziki nabarmendu du Torrealdaik saria jasotzeko hautatutako tokia, Martin Ugalde kultur parkea. "Euskalgintzaren baitan sortua" dela oroitarazi du: "Euskalgintzaren zerbitzurako". Manuel Lekuonarekin izandako harremana ere oroitarazi du, haren "izanarekin" bat egiten duela azalduz. "Manuel Lekuonaren kezka ez zen bakarrik izan euskara eta euskal kultura ikertzea, baizik eta biziaraztea".

Markel Olanok esker ona adierazi nahi izan dio, eta Torrealdairen figura -'Euskaldunon Egunkaria' itxi zutenean atxilotuta egon zen, eta auzipetua- goraipatzeko deia egin du. "Publikoki aldarrikatu nahi dut Joan Mariren figura osoa, salbuespenik gabe". Eusko Ikaskuntzako presidente Iñaki Dorronsorok Torrealdaiaren lana euskararen aldeko katea oso batekin lotu behar dela oroitarazi du. "Zer zatekeen gure herria erresistente hauek ez bagenitu".

Jakin aldizkariko zuzendari ohia, euskararen historia sozialaren ikertzailea, Soziologiako eta Zientzia Politikoetako doktorea, Elkar argitaletxearen sortzaile taldeko kidea, Gizarte eta Informazio Zientzietako lizentziaduna, Euskaldunon Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakari izandakoa, euskal liburugintzaren aztertzailea, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari ohia, frankismo garaiko zentsuran aditua, Anaitasuna aldizkariko zuzendari izana eta euskaltzain osoa da Torrealdaik.

Gaur, elkarrizketa eta ekitaldia, BERRIAn

Torrealdairi eginiko elkarrizketa argitaratu du gaur BERRIAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.