Eskerrak emateko

2015eko abenduaren 6a
00:00
Entzun
GOGORATZEN ditut Iñaki Uriarekin ETBko Iurretako makillaje gelan izandako elkarrizketak, ni bera baino askoz ere ezkorrago, eguneroko bat, egunkari bat, periodiko bat kaleratzeak zekartzan zailtasunak gainditu ezinak iruditzen zitzaizkidalako, eta berak baietz, posible zela. Zalantzarik gabe, konbentzituta!

Orduan ere Durangoko Azokak eman zuen gerizpea eta bilgunea, urtebete beranduago, Azoka egunetan berriz ere, abenduaren 6an lehendabiziko alea kaleratzeko. Gogoratzen dut eskuetan hartu nuenean sentimendu asko gaineratu zitzaizkidala. Nire bizitza ere aldatzera zihoan asko, eta etorkizunera begira 32 orri haiek zuten garrantzia izugarria iruditu zitzaidan. Gaurko egunetik begiratuta, oraindik ere garrantzitsuagoa iruditzen zait egun hartako orri sorta, eskuan izandako lehen EUSKALDUNON EGUNKARIA. Gogoratzen ditut asteroko zutabetxoak bidaltzen nituela proiektu handi hari egin niezaiokeen ekarpen gisara. Gogoratzen dut egunkari hura erosteak, besapean eramateak sortzen zidan poza, harro egon gintezkeela sentiarazten zidan. Zer esanik ez urte luzez egunkari hura, beste hainbat komunikabide, ikastolak... hau da, gure mundua, euskaldunon mundua euskaraz izan zedin borrokatu zirenei, herri hau, gure herria, Euskal Herria izan zedin borrokatu zirenei... Haiek zer sentitzen zuten! Bakan batzuek ezagutu ere ezagutu zuten EUSKALDUNON EGUNKARIAren aurrekari bakarra, Eguna, 1937an zazpi hilabetez kaleratutakoa.

Herri honen beste lorpen bat zen EUSKALDUNON EGUNKARIA ere, herritik sortu eta garatutako ametsa egia bilakatua. Herri honek badakielako, baduelako gaitasuna erakustaldietarako. Gai delako Kilometroak eta Ibilaldiak egiteko, gai delako Korrika egiteko. Tokatzen den orduan eta esaten den tokian, baina egun bateko kontuez harago erakutsi duelako badakiela eraikitzen eskola, egunkaria, telebista, industria, ikerketa... Herria bera.

Gogoratzen dut nola poztu nintzen Donostiako belodromoan egindako festa handi bat aurkezteko deitu nindutenean, nola jantzita joan nintzen ere badakit! Ezin dut ahaztu Erramun Martikorenak eta Larragako Joterak Erribera kantatu zutenekoa. Ahotsa, ahotsak soilik, hutsik, belodromo handian, jendez gainezka zegoen Donostiako belodromoan.

Gaurkoa ospakizunekoa nahi nuen eta, ahalegina egin dudan arren, ezin izan dut. Behin eta berriz datozkit burura 2003ko otsailaren 20ko haiek. EGUNKARIA ixtearekin batera suntsitu nahi izan zituztelako herri honek bere buruari emandakoak, indarrez, bortizki eta gezurretan behin eta berriro, epaitegiek handik urte askotara absoluzioarekin argi utzi zuen bezala.

Egun haietatik geratzen zaidan oroitzapen on bakarra da —gehienak oso larriak, bortitzak eta tristeak direlako—berriz ere herri honek erakutsi zuen indarra. Ez dute Donostiako kaleek halako jendetzarik beste inoiz jaso, ez da sekula halako salaketarik izan, ez eta halako ekimenik biharamunean bertan kioskoan EGUNKARIAren behin-behineko ordezkoa egon zedin.

Eskerrak ematea baino ez zait geratzen. Eta arriskutsua izaten da honelakoetan izenak ematen hastea jende asko ahazteko arriskua dago eta. Barkatuko didazue aipatu ez bazaituztet, baina eskerrik asko Martin Ugalde, Joxemi Zumalabe, Joan Mari Torrealdai, Pello Zubiria, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Luis Goia, Joxean Lizarribar, Joxe Mari Sors, Inma Gomila, Fermin Lazkano, Xabier Alegria eta EUSKALDUNON EGUNKARI hura egiten egoskortu zineten eta egunero, orriz orri, albistez albiste, egin zenuten gizon eta emakume guztioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.