«Eskola hau familia bat da, ez fabrika bat»

Ipar Euskal Herriko 30 ikastolek ateak ireki zituzten atzo. Guraso berriek ikastetxeak barnetik ikusteko aukera izan zuten; ikastolek, berriz, iraileko sartzea prestatzeko ikasle kopurua zenbatzen hasteko eguna izan zuten

Umeak eta gurasoak, atzoko bisitan. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko apirilaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kanpotik ez du itxura ederra. Horrekin, denak ados dira. Zementua nagusi, eta dena karratua. Kolore hitsak eta pare bat zuhaitz galdu artean, borrokan, sustraiak zementuari gaina hartu nahian. Duela 40 bat urte eraiki kolegioa da Baionako hau, dena praktikotasunari zuzendua. Azken urteotan eraikina Oihana ikastola da: 137 ikasle biltzen ditu, eta zortzi irakasle, zazpi eta erdi postutan banatuak. Atzo, ateak ireki zituen, Ipar Euskal Herriko beste 30 ikastolek bezala.

Aitzakia bat, Oihana ikastolako guraso Ramuntxo Etxeberrik adierazi duenez, ikastola eskola bat dela oroz gainetik nabarmentzeko: «Bertakoak ez dira bakarrik manifestariak, ez besta antolatzaile edo talo saltzaileak».

Atzoko egunak balio izan zuen izenak emateko ere, asteazkenerako iraileko ikasle kopurua helarazi behar baitiete ikuskaritzari, hark irakasle kopuruak iragar ditzan. Nahiz eta, berez, oraindik denbora gelditzen den izenak emateko. Baina lehen zenbaki hau izanen da erreferentzia.

Guraso berrientzat, eguna eraikinak barnetik bisitatzeko aukera da, eta, bide batez, lekua ederra dela ohartzeko. Goizean ikastola berria bisitatzera bildu Zunda-Lavielle bikotea bezala. Alaba irailean hastekoa zaie eskolan. Gela zabalak eta ontsa pentsatuak ikusten dituzte. Harrera beroa ere eskertu dute. Hor baitituzte irakasleak, baita gaur egungo guraso zenbait ere. Lekua ikusarazteaz gain, galdera guztiei erantzuteko prest.

Zunda-Lavielle bikoteak oraindik dudak ditu. Oihana ikastola bezala, beste eskola pribatu bat bisitatua du. Biak etxetik hurbil. Baina eskola pribatuak ez ditu konbentzitu, ez baitu euskararik proposatzen. Alabak euskara ikastea nahi dute. Aitak doi bat badaki, amak ez. Alabak ikasi eta beraiei irakastea ederra litzatekeela deritzote.

Euskaraz ez dakiten gurasoak nagusi izan dira Oihana ikastolaren ate irekitze hauetan. Araberan, galdera nagusietako bat dute: Nola egin haurra laguntzeko, euskara jakin gabe? Eta hortaz, bi segundoan duda guztiak uxatzen dizkiete bertakoek. Euskaldunak ez direnak nagusi dira, hain zuzen, gaurko gurasoetan. Euskara ez menperatzea ez dela egiazko arazoa esplikatzen diete, alderantziz. Funtsean, haurrak txikitatik euskara ikasirik, gurasoek izan gabezia hori ez izatea, hori da usu guraso ez-euskaldunen argumentua ikastola zergatik hautatu duten esplikatzerakoan. Eta, horretarako, murgiltze sistemak dituzte konbentzitzen. Gela txikiak izatea —20 bat ikasle gela bakoitzean—, hori ere nabarmendu dute denek. Ohiko sistematik bazter ikusten dute ikastola, non gurasoak parte hartzen duten: «Familia bat da, ez da fabrika bat», pozten da, adibidez, ikastola bisitatzera etorri Othaburu bikotea.

Dozena bat familia berri bildu ziren atzo Oihanara. Azken zifrak ez dituzte beste ikastoletan, baina, batez beste, beste hainbeste izan zitezkeen. Ikastola batzuetan lekurik ez dutela gehiago eta, hobesten dute guraso berri gehiegi ez etortzea. Egoera paradoxikoa, zinez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.