Hala, Mugertzak adierazi zuenez, Jaurlaritzari proposatu diote Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzen duten ikasleei eskatu beharreko gutxieneko maila B1 eta B2 mailen artean ezartzea. «Euskara normalizatua balego, B2a eskatzeko moduko maila izango litzateke, baina Euskal Herriko eremu gehienetan euskara ez dago normalizatua», esan zuen Mugertzak. B1 mailari, baina, «baxuegia» iritzi dio Eskola Kontseiluak, «irakaskuntza prozesuari ekiteko eta prozesuan garantiaz aurrera egiteko».
Mugertzaren hitzetan, «helburu handinahiak edukitzeari egoki iritzi dio Eskola Kontseiluak, baina neurriek errealistak izan behar dute, gero frustraziorik ez sortzeko». Hezkuntza Sailaren proposamenarekin bat datozela esan du, «baina errealitatea zein den gogorarazi nahi diogu, ebaluaketen emaitzak hor daude eta». Izan ere, hamasei urterekin, euskaraz behar bezala mintzatzeko bi ikasletik bat baizik ez da gai.
Halaber, gutxieneko euskara maila «guztiei» eskatu beharko litzaiekeela uste du Eskola Kontseiluak. «Badakigu zona batzuetan B2 mailatik gora ere erraz ibiliko direla; eta beste batzuetan B1era heltzea bera erronka handia izango dela».
ADOSTASUN BILA. Jaurlaritzak proposatu bezala, ikasleei ebaluaketak egitearen aldekoa da Eskola Kontseilua. Areago, «beharrezkotzat» jo ditu ebaluaketak: «Ikasleei jarraipena egin beharko zaie jakiteko eskatutako maila lortze bidean dauden eta zikloa bukatzean lortu duten». Alta, Kontseiluaren irudiko, «zehaztu beharko da jarraipena nola egin». Jaurlaritzaren Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa izeneko proposamenak ebaluaketak Irakats Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) egingo dituela jasotzen du. Egun eta ordu berean proba bera egingo die maila bereko talde guztiei, EAEko ikastetxe guztietan.
Eskola Kontseiluak egindako proposamenaren arabera, gutxieneko hizkuntz mailaadituek zehaztu beharko lukete, «irizpide linguistiko, pedagogiko eta zientifikoak aintzat hartuta».Eta horren ondoren, «alderdi politiko eta gizarte eragileek gai izan beharko lukete ados jartzeko».
############
TxosTena
Hona hemen Euskadiko Eskola Kontseiluak bere txostenean jasotako zenbait gogoeta eta gomendio:Haur eskolen eskaintza: Euskadiko Eskola Kontseiluak dio haur eskoletan matrikulatutako haurrak %20 eta %30 direla, hurrenez hurren, 0 urteko eta urtebeteko mailetan, eta %90ekoa 2 urtekoen mailan. «Helburua aurreneko bietan %40koa izatea eta 2 urtekoan estaldura osoa erdiestea zen», gogoratu du. «Familia Planaren helburuak erdiesteko 2.000 plazatik gorako hazkundea lortu beharko litzateke urtero 3 urteko epean.».
Eskola mapa berria: Derrigorrezko hezkuntzako eta aurreko mailetako eskola plazen eskariari erreparaturik, «gero eta ageriagoa da Eskola Mapa berri bat behar dela premia berriei erantzuteko, sektore guztien eskaintza arrazionalizatzeko eta erabiltzaileak gogobetetzeko», dio Euskadiko Eskola Kontseiluak.
Mapa horren oinarri izan behar dute, bere iritziz, «alde guztien arteko adostasuna» eta «benetako doakotasuna» ikastetxe publiko eta itunpeko guztietan.
Matrikulazio prozesua: Euskadiko Eskola Kontseiluak matrikulazio prozesuen kontrol gehiago eskatu dio Administrazioari. «Matrikula prozesua zentralizatuko duen mekanismo bat ezarri beharra dago, erabiltzaileei beren eskubideen aplikazio zuzena egingo dela bermatzeko eta, aldi berean, Administrazioak berak ere informazio hobea izan dezan ikasle berriei buruz». Ikasleen erregistro sistema informatizatu bat eskatu du, ikasleen ibilbidea eta emaitzak jarraitu ahal izateko.
Egoera sozioekonomikoa: Eskola Kontseiluak «ahalegin berezia» eskatu dio Administrazioari, «jatorriak ikasleen sailkapenean duen eragina gutxitzeko».
Berez, gurasoek seme-alaben ikastetxea aukeratzeko eskubidea dute.Horrek, ordea, eskaria aukera integratzaileenetara bideratzea oztopatzen duela dio Eskola Kontseiluak. Ikasle etorkinen kasua aipatu du. Horri aurre egiteko bi neurri proposatu ditu, besteak beste: alde batetik, zona bereko ikastetxeetako ikasleen artean maila sozioekonomikoko diferentzia esanguratsuak galaraztea; bestetik, jarduketa plangintza bat zehaztea itunpeko ikastetxeetan ikasle etorkinen %40ko kuota eskolatu dadin hemendik lau urtera.
Irakasleen euskalduntzea: Eskola Kontseiluaren esanetan, etorkizunean bi hizkuntza ofizialetan beharrezko gaitasunak izango dituzten irakasleak edukitzeko eragozpenik handiena ez da izango irakasleen euskarazko gaitasuna, baizik eta erretiratuko diren irakasleek utzitako hutsuneak betetzeko behar beste irakasle izango ote diren bihar-etzi. «10-15 urte barru erretiroen erritmoa egungoa baino bi edo hiru bider handiagoa izango du». Eskola Kontseiluak gogoratu du «euskara jakin beharrak» ez duela eskaintzen beste lurralde batzuetako irakasleak kontratatzeko aukera.
############
B1 eTa B2 maILaK
B1Entzumena eta irakurmena: Ideia nagusiak ulertzeko gaitasuna, hizketa argi eta estandarra denean, eta gaiak ezagunak direnean. Hizkera arruntean idatzitako testuak ulertzeko gaitasuna.
Idazmena: Testu sinpleak eta koherenteak idazteko gaitasuna, gauza ezagunen inguruan.
Hitz egitea: Elkarrizketan parte hartzeko gaitasuna, gaiak ezagunak direnean. Esaldiak era sinplean josteko gaitasuna.
B2
Entzumena eta irakurmena: Hitzaldi luzeak eta argudio konplexuak ulertzeko gaitasuna. Berriei buruzko artikuluak eta txostenak irakurtzeko gaitasuna, egileak berak jarrera bat erakusten duenean.
Idazmena: Intereseko gaiei buruz testu argiak eta xeheak idazteko gaitasuna.
Hitz egitea: Jatorrizko hiztun batekin normal mintzatzeko gaitasuna, erraztasun nahikoarekin. Elkarrizketan era aktiboan parte hartzeko eta zehatz eta argi hitz egiteko gaitasuna.
############