Bitariko batzorde bat martxan izan dute martxotik Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, LOMCE hezkuntza erreformaren inguruko desadostasunak argitzeko. Finean, tramite bat da batzorde hori sortzea; lege horren aurka Auzitegi Konstituzionalera joan baino lehen, akordioa lortzen saiatu behar dute bi aldeek.
Hiru puntutan adostasuna lortu dute, gaur Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu dutenez.
1. Eskola kontseiluak. Berrikuntza nagusia da eskola kontseiluen pisuari eutsi ahalko diola Eusko Jaurlaritzak. Finean, Espainiako Gobernuak itunean aitortu du erkidegoei dagokiela "ikastetxe publikoetako kudeaketa eredua zehaztea eta zuzendaritzaren eta partaidetzarako kide anitzeko organoen arteko harremanak antolatzea". Bestela esanda, Hezkuntza Sailak dekretu baten bidez antolatuko ditu zuzendaritzaren eta eskola kontseiluaren arteko harremanak, eta horrek bide emango dio eskola kontseiluaren pisuari eusteko.
LOMCE legea argia da eskola kontseiluei dagokienez: soilik kontsultarako organoak izango dira. Noski, Jaurlaritzak, legez, ezin du jo puntu horren kontra; zeharkako bide bat bilatu beharko luke, zuzendaritzari aginduz aintzat har dezala eskola kontseiluaren iritzia.
2. Euskara. Uda aurretik iragarri zuten puntu horri buruzko akordioa bi gobernuek. Finean, ereduen sistema babestea dakar akordioak. Madrilek Jaurlaritzari aitortu dio eskumena duela euskara orduak gehiago izan daitezen gaztelaniazkoak baino, "oinarrizko araudian ezarritako mugen barruan betiere". Alegia: euskara orduak izan daitezke gaztelaniazkoak baino gehiago, baina aukera eman beharko da gurasoek gaztelaniazko ereduak hautatu ahal izateko.
Praktikan, bi ondorio ditu akordio horrek: batetik, Kataluniakoaren gisako murgiltze eredu orokortuei erabat itxi die atea Jaurlaritzak; bestetik, Madrilek hitzeman du ez duela ereduen sistemaren aurka joko —Kataluniaren kontra, bai, hasi da: gaztelaniaz ikasi nahi dutenen eskola pribatuak ordainaraziko dizkio Generalitateari—.
Euskara ikasgaiko curriculuma zehaztea eta azterketak egitea ere Jaurlaritzaren ardura izango da. LOMCEn jasoa dago hala izango dela.
3. Ikasleen onarpena. Unibertsitatean, lanbide heziketako zentroetan eta curriculum espezializazioa duten eskoletan ikasleak sartzeko irizpideak arau bidez garatzeko aukera izango du Jaurlaritzak.
Auzitara jo aurreko akordioa izan da hori. Hiru puntu horietan lortu dute adostasuna, baina beste puntu asko daude lotu gabe: curriculuma, amaierako azterketak... Jaurlaritzak berretsi du eutsi egingo diola Auzitegi Konstituzionalean LOMCEren aurka jarritako helegiteari, legearen "erabat kontra" dago eta. Urteak joan daitezke auzitegiak ebazpena ematerako.