Philippe Couturaud Pirinio Atlantikoetako Akademia ikuskariak heldu den ikasturteko eskola mapa finkatu du, eta, eredu publiko elebidunean, ez da irakasle gehiagorik egonen. Ireki eta ixten diren postuen artean oreka atxikiko dela dio Couturaudek. Alta, heldu den ikasturtean, 200 ikasle gehiago arituko dira eskola elebidunean; 5.176, hain zuzen ere.
«Eskola elebidunean, batez bertze, hogei haur baino gutxiago daude gelaka; beraz, oraindik badago tartea, irakasle gehiago hartu gabe, ikasgeletan haur gehiago hartzeko». Bertze arazo bat nabarmendu du: akademia ikuskaritzak gero eta arazo gehiago ditu tituludun irakasle euskaldunak atzemateko, eta, usu, kontratazioak egin behar ditu. Horrek xahutzeak handitzen dituela dio, eta desoreka handitzen duela frantses hutsean ari diren eskolen aldean.
Alta, hainbat herritan euskara irakasleak galdu dituzte, eta, bertzeak bertze, protestak izan dira Arrosako (Nafarroa Beherea) eskola publikoan, Arbonan eta Baionan (Lapurdi), eta Barkoxen eta Sohutan (Zuberoa). Ikas Bi gurasoen elkarteak kritika zorrotza egin dio hizkuntza politikari eta akademia ikuskariari. Hizkuntza publikoaren lankidetza nagusia eragile pribatuekin egiten denez (historikoak, Seaska, AEK, euskal irratiak...), Thierry Delobel Ikas Biko presidentearen iritziz, hizkuntza politika haien esku utzi da, eragile publikoen kaltean.
Couturaudek ez du onartu kritika, eta jakinarazi du Delobelek ez duela deitu oharrik egiteko. «Elkarlana nahi duela dio, baina, egia bada, bederen deitu beharko lidake, elkarrekin adostasun eremuak finkatzeko».
Eskola uztearen datuak
Hego Euskal Herriko eskola uzteari buruzko datuak jakinarazi ditu Espainiako Hezkuntza Ministerioak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %11,5 da —urtebetean, 0,5 jaitsi da—, eta Nafarroan, %13,3 —0,3 igo da—. Espainiakoa baino askoz hobea da Hegoaldeko egoera; Espainian, %24,9 da eskola uzten dutenen portzentajea. Europak %10era jaitsi nahi du 2020rako.
Eskola publiko elebidunak irakasle kopuru bera atxikiko du heldu den urtean
Datorren ikasturtean, 200 ikasle gehiago ariko dira Iparraldeko eskola publiko elebidunean, baliabide berekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu