«Mariano Raxoiren Espainiako Gobernuak azaldu beharko du, Europa osoan, zer dela-eta autodeterminazio eskubidea eskubide demokratikoa den Erresuma Batuan, eta Katalunia eta Euskal Herriaren kasuetan, berriz, nola egiten duen mehatxu tankeekin eta espetxearekin», salatu zuten ezker abertzaleko kide Maribi Ugarteburuk eta Pernando Barrenak Erresuma Batuaren eta Eskoziaren arteko akordioaren harira atzo Donostian eginiko agerraldian.
Astelehenean sinatu zuten akordioak azaltzen du 2014. urtea amaitu baino lehen eskoziarrek Eskoziaren independentziaren inguruko erreferenduma egingo dutela. Akordioa «historikotzat» jo du ezker abertzaleak, eta uste du «estualdi larrian» jartzen duela Espainiaren jarrera.
Ezker abertzaleak nabarmendu du beharrezkoa dela Espainiako Estatuak lehenbailehen bigarren trantsizioari ekitea eta bertan «nazionalitate historikoen» autodeterminazio eskubidea onartuko duen marko legala eraikitzea; «bakarrik parametro hauetan eta eskubide guztiak errespetaturik izango da posible Espainiaren homologazioa Europarekin klabe demokratikoan».
«Gatazkari irtenbide demokratikorik ez emateko Espainiako Gobernuak duen jarrera itxia politikoki erabat bakarrik dago», nabarmendu dute, eta salatu dute tematuta dagoela Europan martxan dauden bide demokratikoen bideragarritasuna ukatzen.
Ezker abertzaleak iragarri du hauteskundeak amaitu bezain laster EAJ, PSE-EE, PSN eta GeroaBairi dei egingo diela elkarrekin lehenbailehen «herriaren onarpenaren eta erabakitzeko eskubidearen inguruan» gutxieneko adostasun batzuk bilduko dituen akordioa eratzen hasteko.
Elkarrizketa da bidea
Josu Erkoreka Kongresuko EAJren bozeramaileak azaldu du Erresuma Batuak «elkarrizketarako eta negoziaziorako» azaldutako jarrera eredugarria dela Espainiako Gobernuak duen «norgehiagoka irekiaren» jarreraren alboan. Zigor Kodera jotzeko egiten diren «mehatxuak» salatu ditu, baita «zigorraren bidetik gai politikoak jorratzeko» nahia ere.
Legea betetzearen alde
«Demokrazian guztia legeak beteta konpontzen da», adierazi du Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Idoia Mendiak, eta hau demokrazia zahar baten fruitua dela. Euskal Herriaren inguruan azaldu du ez dakiela bertan erreferenduma egin daitekeen ala ez.
Jose Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministroak, ordea, ohartarazi du Espainian horrelako erreferendum bat egitea ezinezkoa dela eta ez duela on egiten; «Nazioaren etorkizunaren inguruko zalantzak sortzea da egin litekeen gauzarik okerrena».
«Eskoziako erabakiak egoera larrian utzi du Espainia»
Ezker abertzaleak «historikotzat» jo du Eskozian erreferenduma egiteko akordioa sinatu izana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu