Ostegun goiza. Miarritzeko (Lapurdi) merkatuaren inguruan, Max Brisson UMPko departamenduko burua eta udal hauteskundeetarako hautagaia beha. Inguruan, UMPko 30 kide. Karrikan, hotz. Begiak, errepidera. Oren erdiko beranta zekarren François Fillon Frantziako lehen ministro ohiak. Fillon, atorra urdin eta ttattar gorriz. Autotik jaitsi, eta esku dantza. Zalu eta anitz, epe laburrean.
Euskal Herriak pairatzen dituen arazo nagusiak ez zituen bideratu agintean zela. Tiranteetan gelditu ziren lurralde elkargoaren aldarria, presoen egoera, bake prozesua, euskararen ofizialtasuna, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren onarpena. Egin ez zuena adierazteko arrazoirik ez orain. Orduan boterea zuen, eta, orain, hitzen indarra baino ez. Horregatik, protestarik ez.
Brisson agurtu, eta abiatu ziren. Lehen denda, farmazia. Adierazgarria. Bigarrena, euskaltzale batena. Tupina saltegitik, urdaiazpiko saltegira, eta hortik, merkatura. Brisonek aurkeztu, eta Fillonek eskua eman. Lasterka. Merkatuan barrena, saltegi jakinetan geldiunea, esku dantza, irri eskaintza, eta jo aitzina. Pareko saltzaileak, trufa irriñoa ezpainetan.
«Ez naiz Ipar Euskal Herrian lurralde elkargo bat sortzearen aldeko, erakunde politikoen areagotzearen aurkakoa izan naizelako betidanik. Frantzian departamenduak murriztearen aldekoa naiz». Gobernuburu zelarik, Hitzarmen Berezia bultzatu zuen. «Euskal Herriaren berezitasuna onar daiteke kontratu horren bidez, Alsazian edo bertze kasu batzuetan bezala».
Esku dantza zalua
Miarritzen Max Brisson eta Angelun Claude Olive hautagaiak sostengatzera jin da lehen ministro ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu