Euskal presoak

«Esku hartze demokratikoa da Espainiak behar duena»

Herrira-k gogoratu du Estrasburgoren ebazpenaren arabera 'Parot doktrina ' ez dela legala

Amaia Esnal eta Manu Ugartemendia Herrira-ko kideak atzo Donostian eginiko agerraldian. A. CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
70 aulki zuri jarri dituzte Herrira mugimenduko kideek, hutsik, Donostiako Egia auzoko epaitegiaren aurrean. Halaxe aldarrikatu nahi izan dute biziarteko zigorrarekin espetxean jarraitzen duten beste hainbeste presoren berehalako askatasuna. Aulkion eta epaitegiaren artean elkartu ziren hainbat herritar, atzo, eta preso hauek guztiak «lehenbailehen» aske uzteko eskatu zuten. Hain zuzen, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak kaleratutako ebazpenaren ondoren, epaitegiek ezin dutela beste aldera begiratzen jarraitu ohartarazi du Herrira mugimenduko kide den Amaia Esnalek.

Herrirako kideak azaldu duenez, une honetan 70 presok dute ezarria «biziarteko zigorra». Espainiako Auzitegi Gorena duela sei urte hasi zen berau aplikatzen, 197/2006 doktrinaren bidez. 67 dira Espainiako espetxeetan preso dituztenak, eta Frantzian dituzte beste hiruak, berrikusgarria den bizi osorako zigorra ezarrita. Joan den uztailaren hamarrean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak doktrina hau ez dela onargarria esan zion Espainiari, Ines del Rioren helegite bati erantzunez argitaratutako ebazpen batean. Del Rio «ahalik eta azkarren» aske uzteko ere eskatu zion Estrasburgoko Auzitegiak Espainiari, baina bertako Gobernuak ez du ebazpena bete nahi izan. Esnalek adierazi duenez, Estrasburgoko Auzitegiaren arabera, presoei zigorra luzatzen dien doktrina «ilegala» da, eta beraz, pertsona hauek «modu ilegal batean» mantentzen dituzte espetxean. Doktrinak presoen oinarrizko eskubideak urratzen dituela ere salatu dute Herrirako kideek.

Esnalen esanetan, Estrasburgoko Auzitegiak «oso argi» hitz egin du, eta agerian utzi du gaur egun Espainiak mantentzen duen espetxe politika «erabat inhumanoa eta krudela» dela, «mendekuan oinarritua». Espainiaren jarrera giza eskubideen irizpideetatik eta irizpide demokratikoetatik erabat aldendua dagoela esan du Esnalek: «Zentzu horretan, esku hartze demokratiko bat da Espainiak behar duena», dio.

Ildo horretatik, Herrirak dei berezia egin nahi izan die euskal instituzioei, alderdiei eta eragile garrantzitsuei, Estrasburgoko Auzitegiak argitaratutako ebazpena ez dadin blokeatua izan Espainiako Gobernuaren eskutik. Bide horretan, espetxe politika hau aldatzeko egin beharreko urratsak egiteko eskatu die. Pasa den uztailaren 19an, gaixotasun larriak dituzten presoen herrietako erakundeekin bilkura bira bat hasi zutela ere jakinarazi zuen Herrirak. Espainiako Gobernuari, aldiz, «bakea eraikitzeko» mezua helarazi nahi izan diote: «Ez ditzala galtzen utzi konponbideak eta bakea eraikitzeko dauden aukera berri hauek, ez ditzala usteltzen utzi». Eskubideen errespeturako dagozkion konpromisoak bete eta pausoak emateko eskatu diote Raxoiren gobernuari, «konponbideak eta bakea eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.