AHTaren alde edo aurka. Egitasmoa hauteskundeen aitzineko kanpainan inposatu da, eta hautagaitza bakoitzak iritzia eman behar izan du. Batzuek harridura sorrarazi dute funtsean, haien iritziak alde batetik bestera egin duelako edo zerrenda batean izaki hautagai batzuek ikusmoldez aldatu behar izan dutelako. Dirudienez,AHTak emaitzak bidera litzake.
Orain arteko eskualdeko kontseiluko Alain Rousset sozialistak egitasmoa burura eraman beharra du. PSk argi du: bide berria beharrezkoa da, bai ekologia aldetik, bai ekonomia aldetik. Alta, CITEC enpresaren txostenak dioenez, egungo trenbideak hobetuz eta komertzio garraioaren ugaritzea kontuan hartu eta ere, ez dago saturazio arriskurik datozen 50 urteotan. Ondorio horrekin ez du bat egiten Roussetek: «Baieztatzen dut oraingo bidea saturatua izango dela», zioen zerrenda aurkeztean. Egitasmoa «ahal bezain humanoki» egiteko eginahala egingo dutela segurtatu du Frantxoa Maitia kontseilariak eta zerrendako seigarrenak.
2006an PSk eta Berdeek zerrenda bateratua aurkeztu zuten, baina aurten ez da horrela izan. Arrazoi bakarra ez baldin bada ere, AHTak pisu handia dauka bien arteko desadostasunean.
Bide berriaren aurka daude, eta Jean Lissar Kontseiluko presidenteordeak (Berdeak) argi du: «Egitasmo honetan, ezin gara ongi konpondu. Hamabi urtez Roussetekin lan egin dut, kudeatzaile ona da, baina aurrerapenaz daukan definizioa gurearekiko erabat ezberdina da». Berdeen inguruan osaturiko zerrendak, Europe Ecologiek, AHTa bertan behera uzteko eskatzen du, «denbora hartzeko, dosierra berriro begiratzeko» eta ikerketa gehiago egiteko. Baina desadostasun honek pisu aski handia izango ote du bigarren itzulian akordioa galarazteko? Europe Ecologiek ez du erantzun argirik eman: «Lehen itzuliko emaitzen arabera, indar harremana begiratu beharko da». Roussetek, berriz, «ezin negoziatua» dela dio. Sylviane Alaux kontseilari sozialistak aste honetan argiki ez erantzun dio bertan behera uzteko proposamenari, «ezin baita denbora gehiago galdu».
Denbora galdua izan dela dio Pirinio Atlantiko departamenduko zerrendaburuak ere, Alain Lamassourek: «Hamar urte galdu ditugu», «ezin gara gelditu XIX. mendeko abiaduran, XXI. mendeko garraioak ukanen dituztelarik denek». Bere burua «AHTari buruzko iritzi argia daukan zerrenda» gisa aurkeztu zuen. Alta, orain arte egitasmoaren aurkako borrokan zeuden batzuk -Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko auzapeza, besteak beste- zerrendaren barnean daude. Esplikazio gisa, «Michele Alliot Marierekin ados nago, baita Alain Lamassourekin ere», erantzun zuen Duhartek zerrendaren aurkezpenean (MAM bide berriaren aurka agertu da). Ezer argi, beraz. Modem alderdiaren inguruan osaturiko zerrendak ere, Forces Aquitainek,harridura sortu du. Hendaia eta Baiona arteko AHT bide berriaren aurka da. Jean Jaccques Lasserre departamenduko zerrendaburuak Lapurdi trabeska lezakeen bide berriaren proiektua «berehala eta betiko uzteko» eskatzen du. Haatik, Euskal Herriaren ondoan pasa daitekeen bideaz ez dauka ber posizioa, «AHTa beharrezkoa izaki».
Bestalde, NPA eta Alliance Ecologiste Independentea kontra dira; Front de Gauchek eta Lutte Ouvrierek, «printzipioz aurka ez» izan arren, moratorioa eskatzen dute, eta Front National alde da.
EAJ izan ezik, abertzaleak aurka
Abertzaleei doakienez, Batasunak eta Abertzaleen Batasunak osatu koalizioa, EH Bai, erabat aurka da. Herritarren hitza entzun gabe, AHTa bortxaz inposatu nahi denez, egitasmo honekin Frantziako Estatuaren «mespretxua» islatua delako besteak beste. EAk ere, Europe Ecologie barnean kokatuz, egitasmoaren aurka da. Haatik, EAJk osaturiko zerrendak, Euskadi Europan-ek, nahiz argiki erran AHTa «garapen ekonomikorako beharrezkoa» dela, proiektuaren moratoria eskatzen du. Herritarrak eta hautetsiak ez direla entzunak ikusirik, «demokrazia arauen ukapena» salatu du.Bozka ontzietan ez ezik, zortziherritan egitasmoari buruzko kontsulta eginen da.
ESKUALDEETAKO BOZAK. KANPAINA. AHTa kanpainara gonbidatzen denean
AHTari buruzko jarrera azaldu behar izan dute zerrenda guztiek, gaia toki guztietan agertuz. Gehiengoa osatzen dutenek, PS eta Berdeek, ez dute iritzi bera, eta bigarren itzulirako akordioa ez dute oraino segurtatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu