Iragan asteburuan mobilizazio jendetsuak izan ziren Frantziaren menpe diren herrialdeetan, Frantziako Konstituzio Kontseiluak murgiltze eredua eta zeinu diakritikoak konstituzioaren kontrakotzat jo izana salatzeko. Ordezkari politiko eta hautetsi anitzek salatu zuten ebazpena, eta, horren harira, Frantziako Emmanuel Macron presidenteak murgiltze sistema plantan atxikitzeko «bitartekoak» behar zirela erran zuen. Euskalgintzako eragileek eleetatik ekintzetara pasatzea galdegin zioten, orduan. Bestalde, Jean Castex Frantziako lehen ministroak erran zuen batzorde bat osatuko zutela murgiltze eredua atxikitzeko baliabideak atzemateko. Hala, Frantziako eskualdeetako lehendakariek gutun bat idatzi diote Macroni, murgiltze sistema «segurtatzeko baldintzak» atzeman ditzan galdetzeko.
Sinatzaileen artean ageri dira Alain Rousset Akitania Berriko lehendakaria, Valerie Pecresse Ile-de-Franceko lehendakaria, Laurent Wauquiez Auvernia eta Rodano Alpeak eskualdeko lehendakaria, eta Gilles Simeoni Korsikako presidentea, besteak beste. Prest agertu dira lan horretan parte hartzeko: «Zurekin batera tokiko hizkuntzetan egiten den murgiltze irakaskuntza segurtatzeko baliabideak atzeman nahi ditugu, itunpeko eskoletan zein eskola publikoetan. Heldu den sartzerako, familiei, ikasleei eta elkarteei hori zor diegu».
Azaldu dute murgiltze ereduak emaitza pedagogiko onak lortzen dituela. «Hizkuntza bat baino gehiago jakitea aberastasun handi bat da gure gazteentzat. Frantsesa menperatzea lagun dezake, gainera», erran dute. Konstituzio Kontseiluaren ebazpena «ulertezina» egin zaie eskualdeetako lehendakariei, eta Molac legea «tokiko hizkuntzentzat lege aitzinamendu» bat izan zitekeela nabarmendu dute.
Hala, prest agertu dira parlamentariekin eta hezkuntza ikuskariekin elkarlanean aritzeko, «2021eko sartzea ahalik eta lasaiena izan dadin».