Eskubide zibil eta politikoen alde manifestazio nazionalera deitu dute

2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Eleak mugimenduak antolatuta,D3M hautesle elkarteko eta Askatasuna alderdi politikoko auzipetuek agerraldi jendetsua egin zuten atzo eguerdian Bilboko Arriaga plazan. Auzipetuei babesa erakutsi zieten bertaratu zirenek, eta D3M eta Askatasunaren kontrako sumarioa «politikoa» dela salatu. Horrekin batera, eskubide zibil eta politikoak urratzen direla salatu zuten, eta manifestazio nazionalera deitu zuten, maiatzaren 5erako Bilbon (17:30), Epaiketa politikorik ez. Eskubide guztiak proiektu guztientzat lelopean. Eleak mugimenduak jakinarazi duenez, hurrengo asteetan mobilizazioak izango dira Euskal Herriko herri ugaritan, eta herri batzordeak sortuko dituzte, eskubide zibil eta politikoen inguruan aritzeko, eta «auzipetuen egoera agerian uzteko». Auziak ekarriko dituen gastuak ordaintzeko kontu korronte bat zabaldu dute, halaber.

Bertan izan ziren auzipetuetako batzuk, Arantza Urkaregi eta Amparo Lasheras, adibidez. Dozenaka herritarrek eta politikarik eman zieten babesa: besteak beste, Loren Arkotxa, Lander Etxebarria, Tasio Erkizia, Maribi Ugarteburu eta Walter Wendelinjoan ziren Arriaga plazara.

Maiatzaren 5erako manifestazio nazionala deitzearekin batera, Eleak mugimenduko kideek herri batzordeak sortzera deitu zituzten herritarrak: «Eskubide zein pertsonak zapaltzen duen egoera» salatzeko, eta horren inguruan aritzeko: «Minduta, nork bere amaren sabelean babesa bilatzea nahikoa ez dela jakitun, sabel kolektibo bat eraikitzearen aldeko apustua egin dugu, matrioska sabela, hain zuzen», azaldu zuen Txerra Bolinagak, Eleak mugimenduko bozeramaileak. Auziaren «izaera politikoa» azpimarratu zuen Bolinagak, eta dei egin zien herritarrei «sabel kolektibora» biltzeko.

Arantza Urkaregi auzipetuak, berriz, antzeko egoeran dauden eta egon direnak izan zituen gogoan: «Gure matrioskak antzeko egoeran dauden ehunka euskal herritarrak besarkatzea nahi dugu. Horrenbesteko tratu txarrak jasan dituzten eskubide zibil eta politikoak bildu nahi ditugu sabel horren baitan, justiziaren kontrako hainbeste legeren ondorioz ezagutezin bihurtu dituztenak», nabarmendu zuen Urkaregik.

Bolinagak salatu zuen dozenaka mila pertsona bozkatzeko aukerarik gabe geratu zirela D3M eta Askatasuna legez kanporatu zituztenean: «Euren jarduera politikoa dela eta, hamahiru lagun hauek epaituak izatea ez da justua, ezta 40.000 pertsona baino gehiagoren atxikimenduarekin hautagai hauek jasotako bermea zakarrontzira botatzea ere».

Herri batzordeak

Eskubide zibil eta politikoak gehiago urra ez daitezen, Eleak mugimenduko kideak uste du «ezinbestekoa» dela herritarren konpromisoa, eta herriz herri egoera hori agerian uzteko ekitaldiak egitea. Bolinagak azaldu zuenez, Eleak mugimenduak bere laguntza emango die batzorde horiei. Jakinarazi duenez, aurreko igandean aurkeztu zuten Fernando Antia auzipetuarekiko elkartasun plataforma, Kanpezun, eta batzar irekietarako deia dago hurrengo asterako Bilbon, Gasteizen, Donostian, Usurbilen, Sestaon eta Getxon.

D3M eta Askatasunaren auzia

Apirilaren 30ean hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta maiatzaren 18ra arte iraungo duela uste dute. Auzipetuek zazpi eta bederatzi urteko espetxe zigorreko eskaerei aurre egin beharko diete, talde armatuarekin kolaboratzea eta talde armatuko kide izatea leporatuta. D3M eta Askatasunaren zerrendetan hauteskundeetara aurkezteagatik atxilotu zituzten Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Unai Berostegieta, Zuriñe Zorrozua, Fernando Antia, Jose Antonio Munduante, Xabier Isasa eta Aitor Liguerzana, Baltasar Garzon epaileak eskatuta. Auzipetuek hilabeteak egin zituzten kartzelan, eta haietako bat, Aitor Liguerzana, espetxeraturik dago oraindik. Auzi politikoa izanik, ez da bakarra izango Bolinagaren ustez, eta aurrerantzean gehiago egongo dira: «Haien kontra erabiliko duten 'dena da ETA' leloa aitzakia baino ez da. Ezkerreko ikuspuntutik esparru independentista bultzatzeagatik epaituko dituzte».

Herri batzordeak osatzeko eta informazioa jasotzeko:

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.