debekatutako manifestazioa

Eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua eratu dute Adierazi EH babestu zuten eragileek

Mobilizazio egutegia adosteko bilerei ekingo diete hurrengo astean. Bere garaian Hego Afrikan izandako mugimenduaren antzekoa sortu nahi dute. Espainiako Auzitegi Nazionalak bigarren manifestazio deialdia ere debekatu egin du gaur goizean, eta deitzaileek ondoren bertan behera utzi dute. "Probokazioetan ez erortzeko", Bilbora ez azaltzeko eskatu dute, baina bostak aldera jendea batzen hasi da eta Ertzaintzak lagun bat atxilotu du.

2010eko irailaren 11
19:11
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalaren debekuei aurre egin, eta eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua eratu dute gaur bertan Adierazi EH herri ekimenan babestu izan duten eragileek, arratsaldean Bilboko Kafe Antzokian jakinarazi dutenez. Oinarriak, Adierazi EHren berberak. 40 bat eragilek osatzen dute mugimendua, alor ugarikoek, eta "guztiz irekita" daudela esan dute.

Datorren astean bilerak egiten hasiko dira. Batetik, eskubideen aldeko aldarrikapena gizarteko "erakunde denetara" eramateko. Bestetik, "mobilizazio egutegia adosteko".

Bere garaian Hego Afrikan izandako mugimenduaren tankerakoa eratu nahi dute, bertako kide batek BERRIA.INFOri esan dionez.

Adierazi EH ekimen herritarra urtarrilaren 30ean aurkeztu zuten, Bilbon, Euskalduna Jauregian. Lehengo larunbatean aldarrikapen zehatz batzuk egin zituen: bizitza eta askatasuna, euskal presoak Euskal Herrira, kondena bete dutenak eta gaixorik daudenak kalera, inkomunikazioa eta torturak gelditzea, adierazpen askatasuna (pertsona guztiak, proiektu guztiak, aukera guztiak), alderdi eta erakundeen legalizazioa, auzi eta sententzia guztiak indargabetzea.

Bigarren debekua gaur

Nahiz eta Ismael Moreno epaileak gaurko Bilborako Adierazpen askatasuna. Eskubide guztiak pertsona guztientzat lelopean deitutako manifestazioa debekatu eta ondoren deitzaileek bertan behera utzi, hainbat eta hainbat lagun Kale Nagusian bildu dira arratsaldeko bostak aldera -han zen manifestazioaren hitzordua, 17:15ean-. Txaloka hasi dira.

Ertzaintzaren bost furgoneta zeuden han, eta lagun bat atxilotu dute Bizkaiko Diputazioaren parean bost eta erdiak aldera. Sabin Intxaurraga eta Unai Ziarreta EAko kideak eta Oskar Matute Alternatibako bozeramailea ertzainekin hitz egiten aritu dira, hura aska zezaten eskatuz, baina poliziek ez diete jaramonik egin. Ertzaintzaren helikopteroa ere ibili da arratsaldetik.

Manifestazioaren deitzaileek 13:00etan prentsa ohar baten bidez jakinarazi dute bertan behera utzi dutela deialdia, eta jendeari ez agertzeko eskatu diote. "Arduraz eta erabakitasunez deitzen dugu ez etortzeko Bilbora gaur, probokazioetan ez erortzeko eta istilurik egon ez dadin".

Adierazi EHren deialdiak ostegunean Auzitegi Nazionalaren debekua jaso ondoren, bost alderditako kide banak deialdi hori egin zuten: Jone Goirizelaiak (ezker abertzalea), Begoña Campok (Aralar), Ander Rodriguezek (Alternatiba), Sabin Intxaurragak (EA) eta Iñaki Zarraoak (EAJ) -Imanol Olabarria da beste deitzailea-.

Epaileak dio deitzaileen artean "ilegalitatearekin" zerikusirik ez duten pertsonak eta eragileak daudela, baina deialdi horrek aurrenekoaren "helburu bera" duela ebatzi du. Hala, bigarren deia "legeari iruzur" egitea dela irizten dio. Erabaki hori salatu egin dute deitzaileek: "Debekuaren aitzakia lege iruzurra da. Benetako lege iruzurra zera da: Madrilgo tribunal berezia erabiltzea seguritate juridikoaren aurka, legezkotasun printzipioaren aurka eta defentsa eskubidearen aurka jokatuz. Hori guztia, gainera, oinarrizko eskubide nagusi bat galarazteko".

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak goizean jaso du auzitegiaren erabakia, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak baieztatu duenez. Auzitegiak Jaurlaritzari agindu dio martxa egin ez dadin neurriak hartzeko, eta Aresek adierazi du bete egingo zutela agindua, Ertzaintzaren "egitekoa hori" delako, Justiziak dioena betetzea. Sailburuak herritarrei dei egin die eurek ere men egiteko Auzitegi Nazionalari.

Moreno epaileak berak ostegunean zioen Adierazi EHren martxaren deitzailea Batasuna legez kanpoko erakundea zela uste du, eta ETAren estrategia babestu nahi zutela. Aurreneko kasuan bezala, Fiskaltzak egin zuen bigarren deialdia debekatzeko eskaera, honek lehenengo deiaren helburu berak dituelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.