Euskal Herriko Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua abenduan jarri zen martxan Nafarroan, eta, orain, herritarrei deia egin diete taldeko kideek, eskubide zibilen urraketen kontra herri mugimendu zabala osatzera. Herrialde horretan, eskubideen urraketa are nabarmenagoa dela azpimarratu du, jendaurrean, Sergio Labaien bozeramaileak. «Euskararen aurka sistematikoki egiten dute Nafarroan; sindikatuak negoziazio esparruetatik at uzten dituzte, eta manifestazio eta adierazpen askatasun eskubideak urratzen dira. Egoerari buelta emateko garaia da».
Horretarako, hain zuzen, egungo egoeraren diagnostikoa egiten ari dira Euskal Herriko Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduko parte-hartzaileak. Nafarroako elkarteetan inkesta banatu dute, herritarren iritziak jaso ahal izateko. «Diagnostiko hori izanen da lanerako gure tresna».
Herritarren parte-hartzea, halaber, funtsezkoa izanen dela gaineratu du taldeko kide Julieta Itoizek. «Martxan gara jada, baina jende gehiago behar dugu». Mugimenduaren oinarria norbanakoen eta taldeen eskubideak direla azpimarratu du Itoizek, eta, ondorioz, giza eskubideen nazioarteko adierazpena, eta norbanakoen eta taldeen eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak jasotzen dituzten nazioarteko hitzarmenak jo ditu mugimenduaren zutabe nagusitzat. «Bizitzeko, aske izateko eskubidea dugu gizakiok, torturarik ez jasotzekoa; taldeko eskubide bada, halaber, gure bizitza demokrazia, justizia eta askatasuna bermatuko dituen esparru batean garatzea».
Larunbatean elkarretaratzeak
Eskubide zibilen aldeko mugimenduak bihar eginen du lehendabiziko manifestazioa Iruñean. 13:00etan abiatuko da Sarasate pasealekutik, Nafarroako Auzitegira. Bidean, PSNren egoitzaren, Nafarroako Parlamentuaren, Espainiako Poliziaren egoitzaren eta Iruñeko espetxearen aurretik pasako dira manifestazioko parte-hartzaileak.
Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan ere karrikara aterako dira eskubide zibilen aldeko mugimenduko kideak. Gasteizen 13:00etan eginen dute elkarretaratzea, Gasteiz etorbideko epaitegien aurrean. Donostian arratsaldeko 18:00etan izanen da elkarretaratzea, Atotxako epaitegien aurrean. Eta Bilbon, berriz, arratsaldeko 18:30ean, Albiako lorategian.
Protesta ekimen horietan parte hartzeko deia egin diete herritarrei eskubide zibilen aldeko mugimenduko kideek.
Eskubide zibilen alde mugimendua osatzera deitu dute Nafarroan
Bihar manifestazioa eginen dute Iruñean, eta elkarretaratzeak Bilbon, Donostian eta Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu