Izaskun Guarrotxena. Eskubide zibilen aldeko ekimeneko kidea

Eskubide zibilen aldeko mugimendu herritarra ostiralean sortuko da

Ekimena gorpuztu eta ekainean batzarra egiteko asmoa dute, 2011ko udazkenean Askatasun Martxara deitzeko. Pastorrek «ongietorria» emango dio mugimenduari bakea lortzeko balio badu

Mikel Carramiñana.
Durango
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Egun berezia aukeratu dute Euskal Herriko eskubide zibilen aldeko mugimenduari «bultzada erabakigarria» emateko: abenduaren 10a. Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean kalera ateratzeko deia egin zuten atzo Durangoko Kafe Antzokitik, Eskubide guztiak denentzat! lemapean Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean 19:00etatik aurrera egingo dituzten elkarretaratzeekin bat eginda.

Datorren ostiralekoa, alabaina, epe luzerako mugimenduaren lehenengo urratsa baino ez da izango. Hala azaldu zuen Gotzon Barandiaran idazleak Plateruenan eginiko ekitaldiaren hasieran: «Mugimendua sortzeko eskua luzatzera gatoz, eta oinarrizko programa bat proposatzen dugu». Hala, herri batzordeak sortu eta «herritarren hitzez osatzeko zain dagoen liburu zuria» betetzeko egutegia ere aurkeztu dute.

Urtarriletik maiatzera bitarte, sektore eta mugimendu sozialak «aktibatzeko» asmoa dute; handik gutxira, ekainean, eskubide zibilen aldeko batzarrera deitzeko. Aldi berean, tokiko herri batzordeetan udazkenari begira antolatuko duten ekimena prestatzen joango dira: «2011ko udazkenean Euskal Herria milaka herritarron eskutik zeharkatuko duen Askatasun Martxa».

Aulkiak ikur

Ekitaldian parte hartu zutenek zirkuluan kokatutako aulkietan eseri ziren. Jaiotzear dagoen mugimenduaren ikurra ostiraleko elkarretaratzeetan errepikatuko da, Rosa Parks ekintzailearen borroka gogora ekarriz. AEBetako giza eskubideen aldeko mugimendua piztu zuen Parksek autobus batean bere eserlekua txuri bati lagatzeari ezetz esan zionean 1955. urtean.

Barandiaranen ostean, Joan Mari Irigoienek hartu zuen hitza, eta eskubideei buruzko olerki bat taularatu zuen. Ondoren, Periko Ibarra EHUko irakasleak eta Eider Rodriguez idazleak adierazpena irakurri zuten.

Aro politiko berria lortzeko herritar guztiek «zuzenki eta modu aktiboan» parte hartu beharko dutela berresi zuten: «Herri honek denbora gehiegi darama alde askotariko indarkeria eta inposaketa dinamikan murgilduta». Aldaketarako «benetako aukerak» dauden arren, oraindik «eskubideak urratu» egiten direla gogorarazi zieten han bildutakoei.

Etorkizunean «bakea lortzeko» bidean, herritar eta gizarte eragile askok irailaren 11n Bilboko Kafe Antzokian eginiko adierazpena eta azaroaren 2ko manifestazio nazionala gogora ekarri zituzten. Orain, Espainiak eta Frantziak eskubide zibilak «inolako salbuespenik gabe berma ditzaten lortu beharra» dagoela ziurtatu zuten. ETAri, berriz, Bruselako Adierazpenari zein Gernikako Akordioak jasotako eskaerei «berehalako erantzun irmoa eta baiezkoa» eskatu diote.

Euskal Herriko politikagintza, gizartea eta kulturako ordezkari ugarik hartu zuten parte atzoko agerraldian. Oholtza gainean Rebeka Ubera (Aralar), Karmelo Landa (ezker abertzalea), Rafa Larreina (EA), Iñaki Zarraoa (EAJ), Jonathan Martinez (Alternatiba), Ramon Labaien Donostiako alkate ohia eta Mikel Izagirre Urnietako alkatea izan ziren. Sindikalgintzatik, LABeko Sonia Gonzalez, CCOOko Jesus Uzkudun eta EILASeko Ana Perez bertaratu ziren. Ines Osinaga kantariak eta Jose Ramon Castaños Gogoa elkarteko kideak ere hartu zuten parte.

Baldintzapeko ongietorria

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak zuhurtziaz hartu du Durangon aurkeztutako ekimena. Eskubide zibilen aldeko mugimenduari ongietorria eman dio, «betiere bakea lortzeko balio badu». Baina, sustatzaileen helburua «bazterrak nahastea, kezko hesiak sortu eta alderdien mahaiez hitz egitea izanez gero, denbora alferrik galduko» dutela ziurtatu die.

Pastorren arabera, talde subiranistek sortutako mugimenduekin «haien mundua bake eta politikaren agertokirako prestatzeko» helburua dute.



Izaskun Guarrotxena.Eskubide zibilen aldeko ekimeneko kidea

«Guztiz ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea»

M. Carramiñana. Durango

Eskubide zibilen aldeko mugimenduaren protagonista nagusiak euskal gizartea izan behar duela nabarmendu du Izaskun Guarrotxena ekintzaileak.

Adierazi EH ekimenaren ondorioa al da gaur deitutako mugimendua?

Bai, baina ez da bakarrik Adierazi EHrekin sortu. Eskubideen aldeko mugimenduaren sorrera hasi gara lantzen, eta Bilboko Kafe Antzokian irailaren 11n egin genuen agerraldi masibo horren ondorio da ere. Manifestazioaren debekuaren ondoren, hainbat jende bildu ginen, eta mugimendua harago joango zela esan genuen. Horri erantzuten dio gaurkoak; jendeari esan nahi diogu herritarren mugimendua behar dela. Gu ez gara sortzaileak, prozesua honetan guztian lanean dagoen jendea baizik. Guk deia besterik ez dugu egin, Euskal Herriko emakumeei eta gizonei parte hartzeko mugimendu honen sorreran. Gaurko adierazpena hazia da, egin nahi dugun lanaren hazia. Herri honek behar du eskubideen aldeko mugimendu indartsu bat.

Hurrengo pausoa egun berezian eman nahi duzue, abenduaren 10ean.

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da, egun horretan mobilizazioak egin nahi ditugu herrietan. Herritarren esku dauden elkarretaratzeak antolatuko dira eta sinbolismo berezia erabiltzea proposatzen dugu, aulkiena, Rosa Parksen eta mugimendu zibilen ikur izan direlako. Deialdia arratsaldeko zazpietan egin dugu, baina leku bakoitzean ikusiko dute gero zer eta noiz egin.

Gizarte zibila beharrezkoa al da gatazkaren konponbiderako?

Bai, guztiz ezinbestekoa. Oso garrantzitsua da herritarren parte- hartzea

Irailaren 11ko adierazpena, azaroko manifestazioa; ibilbide luzea dauka mugimenduak.

Bai, eta are luzeagoa izango da. Gaurko ekitaldia mugimendu horren beharra adieraztea du helburu; horrez gain, lan egiteko deialdia herritar guztiei egin nahi diegu. Hemendik aurrera eta urtarriletik ekainera mugimenduak nolakoa izan behar duen ikusi eta eztabaidatu behar dugu. Horren ostean, hurrengo hitzordua 2011ko udazkenekoa izango da, Askatasun Martxa antolatzeko.

Maila politikoan aldaketak egon dira hileotan. Gertuago al gaude eskubide guztiak errespetatzetik?

Horretan dihardugu eta horretarako sortu behar dugu mugimendua. Herritarrak mobilizazioetara deitzeak ere horixe bera jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.