politika

Eskubideak elkarteko abokatuek Joseba Agudoren atxiloketa salatu dute

Agudok egiten duen lana akusazio gisa agertu izana gaitzetsi du Eskubideak Euskal Herriko Abokatuen Elkarteak eta "atxiloketaren inguruko arrazoiak lehenbailehen argitzeko" eskatu du. Herenegun atxilotu zuten Agudo Hendaian, euskal iheslariekin harremana duelakoan.

2009ko urriaren 30a
18:12
Entzun
Eskubideak Euskal Herriko Abokatuen Elkarteak Joseba Agudo abokatuaren atxiloketa "gogor" salatu du. Herenegun atxilotu zuen Agudo Frantziako Poliziak, Hendaian (Lapurdi) eta atzo Mureteko (Frantzia) espetxean sartu zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak hura Espainiaratzeko eskatu du, eta Paueko Auzitegiak asteartean aztertuko du euroagindu eskaera. Bertan, Eskubideak elkarteko delegazio batek parte hartuko duela iragarri dute, "gure erabateko desadostasuna erakusteko".

Abokatuen Elkarteak azken egunotan "zenbait komunikabidetan hainbat akusazio filtratuak izan direla" gaitzetsi du, eta "elkarte honetan egiten duen lana akusazio gisa agertu izan da". Beraz, "atxiloketaren inguruko arrazoiak lehenbailehen argitzeko" eskatu du.

Agudo Kanttu ostatuaren kanpoan atzeman zuten, euskal iheslariekin harremana duelakoan, besteak beste. Aurretik, goizez eta arratsaldean, Guardia Zibilak haren bulegoa miatu zuen, Oiartzunen (Gipuzkoa), Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz.

Iragarri zuten atxiloketa

Atxiloketa goizeko lehen orduetatik iragarri zuten hedabide batzuek: Guardia Zibilak Agudo atzeman zuela zabaldu zuen Espainiako Irrati-telebistak. AAMk ukatu egin zuen abokatua atxilotuta zegoela, eta azaldu zuen gertatutakoarekin agerian geratu dela "errepresio estrategian Espainiako Gobernuak menpean dituen komunikabideak nola erabiltzen dituen". AAMk, dena dela, ohartarazi zuen hurrengo orduetan bazitekeela "miaketa gehiago eta atxiloketak" gertatzea. Hori iragarri eta gero atzeman zuten Agudo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.