Marrazki batek, maparen gainean eginiko lerro batzuek, eskubideak aitortzen edo kentzen dizkiete Nafarroako herritarrei, euskarari dagokionez. Non bizi diren, eskubide gutxiago edo gehiago dauzkate. Herri horietatik, teorian eskubide gehiago dituztenetatik eta teorian ere eskubiderik ez dutenetatik, bildu ziren milaka lagun atzo Iruñera. Eguneroko bizitzan, egunez eguneko ibilian jartzen dizkieten trabak salatu zituzten. Legean jasotako eskubideak ere ez baitizkiete errespetatzen sarri askotan. «Euskararen Lege eskasak ezartzen duena ere ez dute betetzen».
Lizarran gertatu zen, Eguberrietan: alkateak aginduta, Foruen Enparantzan Felices Fiestas (jai zoriontsuak) leloa osatzen zuten argiak jarri zituzten. Gaztelania hutsez. Herritar talde batek alkateari eskatu zion jar zezala Gabonetako zorion mezua euskaraz ere. Ezetz erantzun zien hark, gaztelaniaz soilik jarriko zuela. Euskarazko mezua jartzea erabaki zuten herritar batzuek; gaztelaniazko leloaren alboan, Zorionak mezua jarri zuten, argiekin. Biharamun goizerako kenduak zituzten, alkateak hori agindurik.
Euskararekiko ezinikusia muturrekoa baita herri batzuetan. «Administrazioak ematen dituen laguntzak hutsaren hurrengoak ez, aurkakoak dira», azaldu du Alfredo Lufurrek. Euskararen legearen zentzugabekeriak aipatu ditu. Lizarra eremu mistoan dago, eskolan euskaraz ikasteko eskubidea aitortzen die legeak. Ondoko bi herritan, Aiegin eta Villatuertan, ez. «Lizarrara etorri behar dute ikastera. Etorri eta bueltatu». Badira egunez egun 80 kilometro egin behar dituztenak.
Aurrera egiten ari dira, halere. «Gero eta euskaldun gehiago dago». Udalean ere ari dira pixkana pausoak ematen. Gogoeta egin du Lufurrek: «Zapore gazi-gozoa geratzen zaigu, erakundeek laguntza emango balute zer-nolako hobekuntza lortuko ote genukeen».
Adibide ugari
Erakunde batzuk saiatzen dira, baina trabak dituzte haiek ere. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean bilduta dauden udalek salatu dute Iruñeko gobernuak laguntzarik gabe utzi dituela euskara sustatzeko, eta beren dirutik aritu behar dutela zeregin horretan, beste sail batzuetatik kenduta. Halako neurriekin euskararen hedapena geratu nahi du UPNk, udalen ustez.
Adibide bat da udalena. Euskaltegiak eta euskarazko hedabideak ere itolarrian dira, laguntzarik gabe —agindutako dirua kobratu gabe ere bai—; euskaraz ikasi ezinik dira Nafarroako milaka haur.
Herritarrak ari dira aurre egin nahian, urratsak egiten eta eskatzen. Oraindik orain, EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak bultzaturik, Udala eta biok euskaraz izeneko kanpaina abiarazi dute; herritarrak ari dira gutunak eramaten udaletara, erlazioa euskaraz izan nahi dutela eskatzeko. Iruñeko Udalera eraman zituzten joan den astean gutunak, esate batera.
Beste herri batzuetan, berriz, osasun etxeetan ari dira euskarazko zerbitzua galdegiten, Mediku euskalduna nahi dut kanpainarekin. Nafarroako hamalau herri dira Uemako kide, eta bakar batean ere ez dute aukera oinarrizko osasun zerbitzuak osorik euskaraz jasotzeko. «Egoera gainditzeko neurri zehatzak proposatu ditugu, baina bere horretan jarraitzen du», ohartarazi du Jon Abril Uemako ordezkariak. Osasun zerbitzua euskaraz nahi dutela esanez, gutunak aurkezten ari dira herritarrak. Baztanen, esate baterako, dagoeneko 65 lagunek egin diote eskaria osasun etxeari.
Udalek emango dute hurrengo pausoa. «Kanpaina egin den udalekin batera, gobernura eta parlamentura joko dugu, zerbitzu publikoa euskaraz hartzeko duten eskubidea bermatzeko plantillan aldaketak egin ditzaten», azaldu du Garbiñe Elizegi Baztango alkateak. Legeak eta teoriak eskubideak aitortzea ez baita nahikoa horiek bermatzeko. Ez aitortzeak, berriz, ez bermatze ziurra du.
Martxan jasotako lekukotasunak, BERRIAren webean:
www.berria.info
Euskara. Manifestazioa Iruñean
Eskubideak eta zorionak
Nafarroako dozenaka herritatik joan dira Iruñera herritarrak. Euskaraz bizitzeko eragozpen ugari dute egunerokoan. Segun non bizi diren, legeak eskubide ezberdinak aitortzen dizkie herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu