Eskubideak «opari», gas truke

Aljeriako Gobernuak heriotza zigorra ezarri die Mohamed Benhalima eta Mohamed Abdellah aktibistei. Biak Euskal Herrian bizi izan ziren 2021era arte, asilo politikoaren babespean. Amnesty Internationalek salatu duenez, Espainiak Aljerian dituen interesen ondorio dira deportazioak.

Javier Maura eta Sofia Garcia Amnesty Internationaleko kideak. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Gontzal Mendibe Miguel
Bilbo
2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Aljeriako Gobernuak heriotza zigorra ezarri die 2021era arte Euskal Herrian bizi izandako bi aktibistari: Mohamed Benhalimari (Aljeria, 1989) eta Mohamed Abdellahri (Aljeria, 1988). Aljeriako armadako ustelkeria salatu eta «benetako demokrazia» ezar dadila eskatzeagatik zigortu dituzte. Salaketa Amnesty Internationalek (AI) egin du, eta, kasua ezagutarazteko, Benhalimaren eskubideen aldeko protesta egingo dute gaur, 12:00etan, Aljeriak Madrilen duen enbaxadaren aurrean.

Benhalima Bilboko AIko kide izan zen 2021eko otsailetik abuztura arte. Sofia Garcia eta Javier Maura AIko kideek adierazi dutenez, «Espainiak gasarengatik Aljerian dituen interesen ondorio dira deportazioak». Benhalima 22 urterekin sartu zen armadan, eta hamar urte egin zituen soldadu. Hirak erreforma demokratikoen aldeko herri mugimenduko kide zen. AIk maiz gaitzetsi izan du Aljeria ez dela inolaz ere herrialde demokratikoa. Poliziak Benhalima identifikatu zuen protesta batzuetan, eta hura atxilotzeko agindua eman. Lagun bati esker, Portugaletera (Bizkaia) ihes egin zuen. Aljeriako oposizioko beste kide batzuk han bizi ziren, hain zuzen.

Abdellahren kasua antzekoa da. 2018an iritsi zen Euskal Herrira; AIk ez du zehaztu nora, familiaren segurtasuna arriskuan ez jartzeko: «Aljeriako zerbitzu sekretuek mundu guztian dituzte lankideak». Emaztea eta alabak bertan bizi dira egun. Abdellah ere soldadu izan zen, eta asilo politikoarekin iritsi zen Euskal Herrira. Baimena berritzeko Espainiako Poliziaren Gasteizko egoitzara joan zenean atxilotu zuten, Aljeriaren aginduz. Ondoren, hara deportatu zuten.

Lagunaren kasua ikusita, Benhalimak arriskuan sumatu zuen bere burua. Iazko abuztuan, Pariserako bidea hartu zuen. Urtarrilaren 29an, Frantziako Poliziak atxilo hartu zuen; Benhalimak, baina, Espainian zeukan asiloa eskatuta. Dublingo Hitzarmenaren arabera, Europako Batasuneko estatu batean asiloa eskatu eta 45 egunen buruan ebatzi behar da eskaera; asiloa ematea onartzen ez bada, jatorrizko herrialdera bidaltzen dute eskatzailea.

Epe horren amaieran, eta egoera «larria» zenez, Benhalimak Frantzia uztea erabaki zuen. Portugalera joan zen lagun batekin, eta han asiloa eskatu zuen berriz. Baina babes hori herrialde bakarrean eska daitekeenez, gobernuak eskaera ukatu zuen, eta herrialdea uzteko agindu. Hortaz, Frantziara bueltan zihoazela, Zaragozan (Espainia) bukatu zen bidaia: «Espresuki haiek gelditzeko kontrol batean atxilotu zuten. Biharamunean, epaileak atzerritarrentzako zentro itxi batera bidali zuen, Valentziara [Herrialde Katalanak]», azaldu du Maurak. Handik Aljeriara itzularazi zuen Espainiak.

Biek ala biek Youtube ataria erabiltzen zuten salaketak zabaltzeko. Benhalimak 155.000 jarraitzaile zituen, eta jarritako bideo bakoitzeko epaiketa bat zabaldu zioten Aljerian. Hori dela eta, heriotza zigorraz gain, ehun kondena baino gehiago ezarri dizkiote. AIk salatu du Benhalimak urtebete egin duela kartzelan bakartuta, eta tarte horretan torturatu egin dutela. Benhalima damua adierazten agertzen zen bideo bat zabaldu zuen gobernuak; AIren ustez, aitortza hori torturaren ondorio da.

Espainiaren eta Aljeriaren arteko harremanak «interesez josita» daudela ohartarazi du AIk. Espainiaren gas hornitzaile nagusietakoa da Aljeria, eta, Mauraren esanetan, Espainiak «oso ondo» zaindu behar du harekin duen harremana: «Gas hornitzaile garrantzitsua da. Horregatik, noizean behin opariren bat jaso behar izaten du. Salatzen ari garen kasu bi hauek Espainiak bidalitako oparia lirateke. Lotsagarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.