Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

«Eskuina geratzera» deitu du EH Bilduk, 'Egin'-en itxiera gogoan

Koalizioak dio adierazpen askatasunaren aurkako erasoak ez direla «gauza berria» Euskal Herrian

EH Bilduren Espaniako Gorteetarako hautagaiak, Egin zenaren egoitzaren aurrean. JON URBE / FOKU.
xabier martin
2023ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Egin egunkariaren itxierak 25 urte bete dituen honetan, EH Bilduk Hernanin (Gipuzkoa) egin zuen bere ekitaldi politikoa atzo, Egin-en egoitza izan zenaren aurrean. Gogoratu zuen Euskal Herrian ez direla «berriak edo aspaldikoak» orain hitzetik hortzera dabiltzan adierazpen askatasunaren aurkako erasoak. Egin-en itxierari erreparatu zion modu horretan EH Bilduren Senaturako Gipuzkoako zerrendaburu Gorka Elejabarrietak, alboan zuela Mertxe Aizpurua, Kongresurako zerrendaburu eta Egin-eko kazetari ohia.

Koalizioaren hautagaiak gogora ekarri zuen itxiera horren ondoren «lan komun izugarria» egin zela Egin-ek utzitako zuloa estaltzeko, eta, orain, berriz, uztailaren 23ko hauteskundeetan, «auzolan handi bat» eskatu zien herritarrei, «euskal ezker subiranista indartzeko eta oinarrizko eskubideak urratu nahi dituztenak geldiarazteko».

Elejabarrietak helarazi zuen zentsura ez dela ezinbestean «zuri-beltzean eta garai frankistan» bilatu behar, baizik «gaur egungo kontua» dela, PP-Vox gobernuei erreparatuz. «Tamalez, euskal herritarrentzat, ez da berria eta ez da aspaldikoa, gure herriak hori bera pairatu baitu azken hamarkadetan, estatu horren eskutik». Zentsura eta esku gogor hori da PPk eta Voxek daramatena beren «benetako programetan», EH Bilduko hautagaiaren arabera.

Hala, Elejabarrietak gogora ekarri zuen 25 urte joan direla «Espainiako injustiziak» Egin itxi zuenetik, «Poliziak errotatiba gerarazi eta kazetariak atxilotu zituenetik». Itxiera hori «adierazpen askatasunarenaren aurkako eraso larria» izan zela azpimarratu zuen, eta erantsi inor gutxik pentsa dezakeela orain «PPk gidatutako Polizia muntaiaren pareko zerbait gertatzea berriro». Abisu eman zuen, ordea: «Madrildik datorren haizeak eraso gehiago ekar ditzakedemokraziaren aurka».

Halaber, Josu Muguruza gogoratu zuen Elejabarrietak: «Egin-eko kazetaria zen, eta Madrilen hil zuten Kongresuko diputatuaren akta jaso berritan». Eta Jabier Salutregi zendu berriarentzat ere izan zituen hitz batzuk, Egin egunkariko zuzendari izan zenarentzat: «Egunkari bat zuzentzeagatik espetxeratu zuten, eta preso eduki zuten zigorraren azken egunera arte».

Hori guztia gertatu arren, «herri hau zutitu» egin zen «beti egin duen bezala», EH Bilduko hautagaiak esplikatu zuenez: «Auzolan handi batek proiektu berri bat argitu zuen, isilarazi nahi izan zituztenei hitza itzultzeko, herritik herriarentzat». Uztailaren 23ko bozetan botoa EH Bilduri emanez auzolan hori errepikatzera deitu zituen herritarrak.

EAJ, Loiolako kuarteletan

EAJk Donostiako Loiolako kuartelen aurrean egin zuen ekitaldia atzo, Espainiako armadaren lurretan etxebizitzak eraikitzeko EAJk lotu duen akordioa gogoratzeko. Voxeko diputatugai Ivan Espinosa de los Monterosek lur horiez «ahazteko» ohartarazi dio Aitor Estebani asteon, TVEn egindako eztabaidan, baina EAJko Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak berretsi zuen 2020an PSOErekin egindako akordioak modua emango duela kuarteletan 1.500dik gora etxebizitza eraikitzeko. «Gaur egun ez du inongo zentzurik hiri erdian kuartel bat izateak, eta donostiarrek etxebizitzak behar dituzte: espazio militarraren ordez, zibilak behar ditugu», esan zuen Estebanek.

Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu jeltzale Maribel Vaquerorekin batera, Estebanek «lorpen historiko» hori azpimarratu zuen. Maiatzean ezagutarazi zuten Donostiako Udalarekin egindako salerosketa akordioa, eta hura garatzeko pausoak ematen dabiltza. «Negoziazio gogorra izan zen; ondo dakigu Goia alkateak eta biok, baina ur tantaren zigorra bezalakoak gara gu euskal hiritargoaren bizimodua hobetzeaz ari garenean», esan zuen hautagai jeltzaleak. «Hau zen hiriaren puzzlean falta zen zatia», erantsi zuen: «Hauxe da gure egiteko modua, eta horrek bereizten gaitu zalaparta handiz lege bat onartu dutela diotenengandik», jarraitu zuen, EH Bilduri eta Etxebizitza Legeari erreparatuz. «Lege hori, alokairuen prezioa jaitsi ez, eta nahi denaren kontrako efektua eragiten ari da Donostian, non etxebizitzen heren bat merkatutik desagertu den», azaldu zuenEstebanek.

PSE-EE, berriz, AHTra begira jarri zen, Irunen (Gipuzkoa). Eneko Andueza idazkari nagusiak esan zuen «Espainiari eta Euskadiri» beti joan zaiela «ondo» Madrilen PSOEko presidente bat egon denean, «adibidez AHTarekin aurrera egiteko». PPri exijitu zion«egia erdiekin eta gezur osoekin eztabaida politikoa sutan jartzeari uzteko». Herritarrei, berriz, Anduezak eskatu zien «ez alferrik galtzeko botoa beste abentura batzuetan», eta PP-Vox Moncloara iristea galarazi nahi badute PSOEren alde bozkatzeko.

Rafaela Romero PSEren Gipuzkoako Kongresurako zerrendaburuak erantsi zuen PSOE dela «politika ona» egiten duena, «zerbitzu sozialak babestuz, eta eskubide unibertsalak denen eskura jarrita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.