autogobernua

Eskumenak eperik gabe negoziatzen ari dira orain Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua

Jaurlaritzak hauteskunde kanpaina hasi baino lehen itxi nahi zuen lau eskumenen transferentzia, baina "sakoneko desadostasunak" agertu dira azken orduetan.

Josu Erkoreka, gaur, kazetariei azalpenak ematen. IREKIA
jon olano
2019ko apirilaren 12a
11:03
Entzun

Azken bi egunak transferentziak negoziatzeko mahai teknikoan ados jarri ezinik igaro ondoren, Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua jada eperik gabe ari dira negoziatzen legez Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden lau eskumen. Bizkaiko eta Arabako AP-68aren kudeaketa, produktu farmazeutikoen legeen aplikazioa, ohiko erretiroaren aurretiko laguntzak enplegu erregulazio espedienteen eraginez kaltetutakoentzat eta eskola asegurua dira mahai gainean dauden eskumenak.

Gauerdian hasi da apirilaren 28ko hauteskundeen kanpaina, eta hura hasi aurretik itxi nahi zuen akordioa Jaurlaritzak. Ez da posible izan; atzo, Jaurlaritzak zioen "xehetasun batzuk" baino ez zirela falta bi aldeak ados jartzeko, baina arratsaldean jakinarazi zuen "sakoneko desadostasunak" zituztela alor ekonomikoan.

Gaur, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak eman ditu negoziazio prozesuari buruzko azalpenak: "Elkarrizketak akordiorik gabe bukatu genituen, baina Eusko Jaurlaritzaren jarrera berdina da; gu ez gaude hauteskunde kanpainan, prest gaude datozen egun eta asteetan negoziatzen jarraitzeko, bidean dauden transferentziak gauzatu ahal izateko". Atzo, "ezinezkoa" zen akordioa, baina ezein gobernuk ez ditu elkarrizketak apurtutzat eman, Erkorekaren arabera.

Erkorekaren hitzetan, kontuan hartu behar da eskualdaketa guztiak "artisautza lan bat" direla: "Hemen, gure eskumenak, arlo askotan, bereziak dira, eta eskualdaketak ere modu berezian diseinatu behar dira. Bestalde, gure finantzaketa sistema itunpekoa da. Biengatik, eskualdaketa guztiak banan-banan landu behar dira. Lanketa horretan aurrerapauso nabarmenak eman ditugu, arlo juridikoan asko aurreratu dugu, eta posizioak hurbildu dira, baina arlo ekonomikoan ez dira oraindik behar adinako hurbilketak gauzatu".

Desadostasun ekonomiko horien berri ere eman du. Azaldu duenez, "eskualdaketen eduki ekonomiko-finantzarioari dagokionez azken 30 urteetan" defendatu izan duen planteamendu "bera" babestu du Jaurlaritzak, "eskualdaketa guztietan orain arte jaso izan dena, duela bost hilabete eginikoetan barne". "Funtsean", hori izan da akordioa ezinezko egin duena, baina Jaurlaritzak "zabalik" jarraitzen du: "Gobernu zentrala prest dagoen heinean, gu hemen egongo gara, ahalegin guztiak egiteko".

Espainiako Gobernuak urtarrilean prestatu zuen egutegi bat, 1979ko estatutuaren arabera Jaurlaritzari dagozkion eskumen gehienak eskualdatzeko. 37 dira oraindik Madrilen kudeaketaren pean daudenak, eta horietatik 33 jaso zituen PSOEren gobernuak egutegi horretan. Hiru fase bereizi zituen horretarako, eta aurrenekoan zazpi jaso zituen. Zazpi horien artean daude orain mahai gainean dauden laurak. Aste batzuk geroago, ordea, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara deitu zuen Pedro Sanchezen gobernuak. Jaurlaritzak esan izan du apirilaren 28ra arteko epea dagoela eskumenak negoziatzeko, baina, oraingoz, ez dute egutegi horretako eskumen bat eskualdatzea lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.