Eskumenak urratu nahi izatea egotzi diote PPri

«Hezkuntza elebiduna» antolatzea erkidegoei dagokiela gogorarazi du Zelaak, eta «inposizioa» uzteko eskatu Urkulluk

Erredakzioa
2012ko abenduaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Ministroak hirugarren mailako irakasgai bihurtu du Euskara». Haserre hitz egin du Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako jarduneko hezkuntza sailburuak. Kargua uzteko egun gutxi falta zaizkiola, agintaldiko une larrienetako bat izan zuen atzo. Espainiako Hezkuntza Ministerioak bidalitako hezkuntza erreformaren azken bertsioa goitik behera gaitzetsi du Zelaak. Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren erreformaren azken bertsioa Espainiako Konstituzioaren aurkakoa da eta autonomien eskumenak urratzen ditu, Zelaaren hitzetan. Zehazki, salatu du hezkuntza eredu elebiduna antolatzeko eskumena bere gain hartu duela Espainiako Gobernuak. Formak ere kritikatu ditu; hilabetez erreforma bat lantzen aritu ostean, Wertek testua aldatu eta bilera egin baino 24 ordu eskas lehenago bidali die hezkuntza buruei.

Zelaak erantzun badu ere, EAJri egokituko zaio egoera kudeatzea. Iñigo Urkulluk, lehendakaritza hartu orduko, lan taldea izendatu beharko du, Hezkuntza sailburu berria tartean. Atzo, ETB1eko Azpimarra saioan, Urkulluk esan zuen «beste garai batekoa» irizten diola erreformari; hezkuntzan «inposaketen» bideak utzi eta akordioenak landu behar direla erantsi zuen. Arantza Tapia Espainiako Kongresuko EAJko parlamentariak erabat baztertu zuen erreforma, euskararen «eta beste hizkuntza koofizialen kontra» egiten duelakoan, eta autonomia erkidegoen eskumenak urratzen dituelakoan. Hezkuntza sistema «espainiartu» nahi izatea egotzi dio gobernuari.

Epelago hitz egin du Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak. Erreformak «sakontasun handiagoko hausnarketa» bat behar duela uste du eta, horregatik, egoki jo testua hobetzeko lanean jarraitzea. Hizkuntzen tratamenduan, «ongi» funtzionatzen duenari eustearen alde egin du: «Testuak errespeta dezala gure hizkuntza zonaldeen araudia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.