Euskal Herria

Espainia "estatu plurinazional bat" dela onartu behar da "legegintzaldi honetan" Imazen ustez

Hasi berria den Espainiako gorteetako legegintzaldian "Espainia estatu plurinazional bat dela" onartu beharko litzateke Josu Jon Imaz EAJko lehendakariaren iritzian. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan beraien proposamena legebiltzarrera eramateko eskatu die sozialistei, eta han eztabaidatuko dutela.

2004ko apirilaren 23a
11:11
Entzun
"Espainia estatu plurinazionala dela onartu behar da legegintzaldi honetan, eta nazio horietako bat Euskadi dela". Hala uste du Imazek, eta bere iritzian euskaldunek erabaki behar dute "Espainiarekin izan beharreko harremana", horregaitik, "bigarren transizioa" behar dela dio. Ildo horretatik, Espainiako Konstituzioaren erreformaren eztabaidan parte hartuko dutela iragarri du: "egungo markoaren aldaketa ekarri lezaketen eztabaida guztietan egongo gara".

Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok Gernikako Estatutuaren erreformarik ez duela eskainiko esan du gaur El Mundo egunkariak dakarren elkarrizketan. Imazek ados jartzeko eskatu die sozialistei, eta PSE-EE orain egun gutxi estatutuaren erreformaz mintzatu zela gogorarazi. Eten gabe deklarazioak egiteari utzi eta itxaropenez beteta dauden herritarrei ez kale egiteko eskatu die.

Era berean, elkarrizketaren bidez konponbidera iritsi nahi dutela esan du, eta legebiltzarrera proposamen bat eraman, eta han eztabaidatuko dutela. Beraiek ere egia osoaren jabe ez direla badakiela dio Imazek, eta kontsentsu batera iritsi nahi dutela. Horregaitik, sozialisten proposamenaren berririk ez duela, eta jakin nahiko duela gaineratu du.

Nazionalismoaren kontrako ituna

Mayor Oreja popularrak PP-PSOE ituna "nazionalismoaren kontrakoa" zela esan izana gogoratu du. EAJ "bakeraen alde eta terrorismoaren kontra" egiteko prest dagoela dio, eta horregaitik alderdien arteko foroan egongo dela. Hala ere, diagnosi bateratua egin behar dela eta konponbiderako jarrera behar dela gaineratu du. Alderdiaren interesen arabera jokatzen dutenekin ez direla bilduko, konponbidearen bila dabiltzanekin bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.