Ibarretxek egindako proposamenari buruz inkesta egin du Eusko Jaurlaritzak, lehendakariak irailaren 28an proposatutako metodologiak herritarren aldetik zein erantzun jasoko lukeen jakin nahian. Inkesta horren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar gehienek begi onez ikusi dituzte metodologia aurkeztu zuenetik egindako urratsak, eta galdeketaren bideak aurrera egingo balu bertan parte hartuko lukete. Ibarretxeren proposamenak Eusko Legebiltzarraren babesa jaso ondoren Espainiako Gobernuaren ezezkoa jasoko balu ere, galdeketa egitea ontzat emango lukete hiru herrialde horietako herritarren %59k.
Gizaker enpresak telefonoz egindako 600 elkarrizketa ditu oinarri Jaurlaritzaren inkestak. Horietako 140 Araban egin ditu, 280 Bizkaian eta 180 Gipuzkoan. Txostenaren arabera, lagin horrek izan dezakeen hutsegite estimazioa %4,1ekoa da.
«Euskal gatazkari irtenbideak bilatzeko» Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean elkarrizketa izateari buruz galdetu diete lehenik herritarrei. %89k «ondo» irizten diotela azaldu dute, eta %4k, «gaizki».
Gatazka politikoa konpontzen, ETAk bere ekintzekin jarraituta ere saiatu behar den edo ETAk su-etena eman arte ez den proposamenik egin behar galdetuta, %58k zain egon gabe gatazka konpontzen saiatu behar dela erantzun dute. %26k, ETAk su-etena eman arte itxaron egin behar dela.
Ibarretxeren proposamena gauzatzeari dagokionez, lehendakaria Zapaterorengana «akordio bat lortzen saiatzera» joan izanari buruzko iritzia eskatu diete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei. %86k «ondo» ikusi dute, eta %5ek, «gaizki». Zapaterok akordioa lortzeko aukera ukatu eta kontsulta ez duela onartuko esan izana %18ri iruditu zaie egoki.
Herritarren gehiengo zabalak egoki deritzo Ibarretxek Eusko Legebiltzarrari galdeketa egiteko baimena eskatzeari, eta, %64ren ustez, Espainiako Gobernuak ez luke kontsulta hori debekatu behar. Zapaterok galdeketari ezezkoa eman arren Ibarretxek agindutako kontsulta egitea begi onez ikusten dute %59k; %21i gaizki iruditzen zaie. Edozein modutan, egin egingo balitz, herritar gehienak botoa ematera joango lirateke, inkestaren arabera; herritarren %65. %15ek ez luketela botorik emango adierazi dute, eta %13k erabakia egoeraren araberakoa izango litzatekeela.
Hori bai, herritarren ia hiru laurdenek uste dute galdeketan adierazitakoa errespetatu egin behar litzatekeela. «Instituzioek, alderdi politikoek eta ETAk» herritarrek kontsultan erabakitakoa «onartu eta bere egin» beharko luketela esan dute %73k.Adierazitakoa ez litzatekeela kontuan hartu behar esan dute %8k.
Inkestaren emaitzak herrialdeka banatuta plazaratu ditu Jaurlaritzak, eta bada alderik erantzunen artean. Gipuzkoan eta Bizkaian gehiago dira Ibarretxeren proposamenak aurrera egitekotan hori babestuko luketenak Araban baino.
Espainiak debekatuta ere galdeketa egitea ontzat daukate EAEn gehienek
Herritarrek kontsultan adierazitakoa alde guztiek onartu behar luketela uste dute %73k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu