Espainiak egin nahi dituen murrizketen aurka helegitea jarriko du Jaurlaritzak

Patxi Lopezen arabera, autogobernua urratzen dute murrizketek; helegiteak bide motza duela esan du Espainiak

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak osasunean eta hezkuntzan egin nahi dituen murrizketen aurka helegitea jarriko du Eusko Jaurlaritzak. Halaxe iragarri du Patxi Lopez lehendakariak. Legebiltzarrak murrizketen kontra iniziatiba hartzeko eta autogobernua defendatzeko eskatu zion herenegun, EAJ, PSE-EE eta Ezker Anitzaren botoekin, eta lehendakariak atzoko kontrol saioan jakinarazi zuen hala egingo duela. Haren arabera, berehala joko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera, murrizketek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «berdintasun eta unibertsaltasun printzipioak» urratzen dituztelako.

EAJ, PSE-EE eta Ezker Anitzaren testuak dioenez, PPren gobernuak baliorik gabe utzi beharko lituzke neurriok, harik eta Konstituzionalak helegiteari buruzko erabakia hartzen duen arte.Aralarrek eta EAk ez zuten bat egin herenegungo kontrol saioan Jaurlaritzak auzitara jotzeko proposamenarekin, baina bai EAEko autogobernuaren defentsarekin lotura zuzena zuten eskaerekin. PPk eta UPDk, aldiz, proposamena oso-osorik arbuiatu zuten, eta aurka bozkatu.

Lopezen arabera, ulertezina eta desegokia da alderdi popularra erakusten ari den jarrera, eta agindu du kosta ahala kosta aurrera egingo duela helegiteak: «Espainiak egindako murrizketek ez lukete arazorik konponduko, eta bai, ordea, zerbitzu publikoa hankaz gora jarriko. Ezin dezakegu halakorik onartu». Lehendakariaren ustez, Mariano Raxoiren gobernuaren neurriak eraginkortasun gabekoak eta atzerakoiak dira.

Espainiako Gobernuak ez duela pertsonengan pentsatzen eta horregatik haserre dagoela esan du Lopezek: «Denborarekin, jendeak pobreziaren aitorpena egin beharko du». Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saez de Santamariak berehala erantzun dio Jaurlaritzaren helegite proposamenari, zereginik ez duela izango: «Murrizketak egitea erabaki baino lehen ongi neurtu genituen gauza guztiak, eta guk ez dugu erkidegoetako gobernuen eskubiderik urratuko. Helegiteak bide motza izango du».

Jaurlaritzak murrizketei ezarriko dien helegiteaz ez ezik, osasun txartelaren inguruan ere hitz egin zuten atzoko kontrol saioan. Eztabaida gogorra eduki zuten Lopezek eta Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak. Lehendakariaren arabera, Raxoiren gobernua etorkinak erabiltzen ari da neurriak ezkutatzeko, eta gogorarazi dio herritar guztiak berdin gaixotzen direla.

Basagotik dioenez, ordea, hau ez da xenofobia kontua, eskubide eta betebehar kontua baizik. Hark leporatu dio Lopezi 30.000 euskal herritar osasun txartelik gabe edukitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.