Espainiako Gobernuak bere horretan eutsiko dio atxilotuen inkomunikazio aldiari, eta ez ditu Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak emandako aholkuak beteko. Horrela erantzun dio Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak batzorde horrek 2009ko azaroan egindako gomendio sortari.
NBEko batzordeak Espainiari eskatu zion besteak beste inkomunikazio aldia berraztertzeko, «hura abolitze aldera». Espainiako Gobernuak erantzun dio inkomunikazioa «berme prozesal guztiekin» aplikatzen dutela, «lege errejimen erabat murriztuan». Gainera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren onarpena duela esan du Madrilek, hau da, «giza eskubideen errespeturako Espainiako zaindari gorenarena».
Atxilotutako guztiek oinarrizko eskubideen bermea izan dezaten ere eskatu zuen NBEko batzordeak. Horien artean, nahi duen abokatua aukeratzeko eskubidea. Espainiako Gobernuak erantzu dio «zilegi» dela hori ez bermatzea «arrazoizko kausak daudenean», adibidez «delituan parte hartu duten eta oraindik atxilotu ez dituzten pertsonak abisuan jartzeko arriskua dagoenean». Dena den, ofizioko abokatuen figura aipatzen du Espainiako Gobernuaren txostenak, eta haien egitekoa «auzitan» jarri izana leporatu dio NBEko batzordeari.
Atxilotuak hautatutako sendagile baten bisita jasotzeko eskubidea ere aipatzen du batzordeak, baina Madrilek esan dio auzitegiko medikuak «bermatzen» duela atxilotuaren osasuna.
Senide bati, edo atxilotuak nahi duen pertsona bati, atxiloketaren berri ematea eta uneoro zein atxilotze zentrotan dagoen jakinaraztea ere gomendatu zuen batzordeak. Madrilen ustez, ordea, horrek «inkomunikazioaren helburua», alegia, «atxilotuak taldekideak ohartarazi ditzan eragoztea» urratuko luke.
Abokatu batekin inork entzungo ez dien moduan elkarrizketatzeko eskubidea —egun ofizioko abokatuekin ere egin ezin dena— ere bermatzeko eskaera egin zuen batzordeak. Espainiako Gobernuarentzat, ordea, «zilegi» da hori ez bermatzea, atxilotuak «mehatxatu» egin dezakeelako ofizioko abokatua, «postari lanak» egin ditzan.
Azkenik, atxilotua uneoro ikus-entzunezko sistemaz grabatua izan dadin ere gomendatu zuen batzordeak, eta kamerak eremu komunetan ez ezik ziegetan eta galdeketa saletan ere jartzeko eskatu zuen. Atxilotze zentroetako eremu komunak ez diren lekuetan presoa grabatzeko erabakia epaileen esku dagoela erantzun dio Espainiako Gobernuak, eta horrela egiten dela «epaileek eskatzen duten guztietan».
Espainiak ez ditu beteko torturaren aurkako NBEren gomendioak
2009ko azaroko informeari erantzun dio Zapateroren gobernuak; inkomunikazioari bere horretan eutsiko dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu