Frankismoko krimenekin lotuta, ohar argia egin diote berriki NBEren lau ordezkarik Espainiari: edo krimen horien erantzuleak estraditatu, edo Espainian bertan epaitu. Gutuna izenpetu duten horien artean dago Ariel Dulitzky (Buenos Aires, Argentina, 1967), desagertze behartuak ikertzeko NBEko lantaldeko burua. Oso kritiko mintzo da Espainiako Gobernuaren «itxikeriaz». Iturri ekonomikoak ez, kasuak ikertzeko eta argitzeko «borondatea» falta zaiola salatu du: «Obligazioa du giza eskubideen urraketa larriak pairatu dituztenei justiziarako sarbidea emateko nazioko auzitegietan». PPren gobernua «gaizki» ari dela ohartarazi du Dulitzkyk, eta gogorarazi kaltea biktimek jasaten dutela: «Estradizioaren ezezkoak babesik gabe laga ditu: minduta daude; atsekabea gailendu zaie». Egiarako eskubidea galduta frustrazio erabatekoan direla uste du.
Uzkur jarraitzen du Espainiak: ez dio jaramonik egin Argentinako justiziari, eta ez ditu estraditatuko frankismoko krimenen karietara inputatutako hemeretzi ministro eta poliziak. Kolpe latza?
Argentinako justiziari entzungor egin dio berriz ere, eta ez ditu bete nazioarteko itunetan adostutako betebeharrak. Estradizioari ezezkoa emateko eskubidea du Espainiak, bai. Horren truke, aldiz, jazoerak argitzeko ikerketak abian ipintzea dagokio, eta krimen ororen erantzuleak Espainian bertan zigortzea. Kontrapuntua da, edonola ere: ez bata, ez bestea. Muzin egin die aholku guztiei, eta belarrietatik tira egin diogu horregatik. Espainia zorretan da egia eta justiziarekin. Nazio Batuen Erakundetik gertu-gertutik segitzen ari gara egoera, dagozkion obligazioak bete behar dituelako. Aholkuen bideari eutsiko diogu, erne.
Urratsik espero al duzue laster?
Madrilek estradizioa ukatu arren, eskaerak indarrean jarraitzen du; bidea ez da hor amaitzen. Inputatuak atzerrira irteten baldin badira, ezein herrialdek bere egin dezake atxilotzeko agindua, inputatuak atzemateko eskaera eginda.
Espainiako Gobernuaren tesia goitik behera bota duzue. Nolako gabeziak antzeman dituzue?
Espainiak mahai gainean jarri dituen argudio juridikoak ez datoz bat nazioarteko justiziak ezartzen dituenekin. Okerrak dira, hutsalak kasik, ez baitute inongo muinik. Giza eskubideen nazioarteko estandarrei kasu egin ordez, kontra egiten diete. Baina nazioarteko krimenak ezin daitezke preskribatu. Argentinak Espainiarekin sinatuak dituen nazioarteko hitzarmenetan garbi zehazten da gizateriaren aurkako krimenekin ez dagoela amnistia legerik. Latinoamerikako hainbat herrialderekin, Frantziarekin eta beste herrialde batzuekin izenpetutakoari bizkarra ematen ari zaio Espainia.
Noraino tenkatu daiteke soka?
Ez baditu estraditatzen, estatuak obligazioa du eskubideen urraketa larriak pairatu dituztenei justiziarako sarbidea emateko nazioan bertan. Harrigarria da: gizartea eta botere judiziala irmo dabiltza kontu honetan; gobernua, berriz, ez. Esperoan gaude. Erantzun ofizialik ez digute helarazi oraindik.
Senideak ez ezik, gizartea indar aski egiten ari dela uste al duzu?
Eskaerek etenik ez dutela ikusten ari gara, eta hori pozgarria da. Bistakoa da herritarren aldarrikapenek bizi jarraitzen dutela, berehalako egia, justizia eta ordain eske.
Botere judizialaz zer deritzozu?
Espainiako epaile eta fiskal ugari beldurtu egin dira, uste dutelako ikertzen hasiz gero, Garzonen jazarpena jasatera irits daitezkeela. Frankismoko krimenen erantzuleak zorrotz ikertzea, bizkor epaitzea eta irmo zigortzea nahitaezkoa da. Zer dela eta? Nazioarteko krimentzat jo ezin diren kasuetan ere preskripzioa ezin daitekeelako jarri desagertutakoa aurkitu arte. Eutsi egin behar zaie ikerketei.
Maria Servini epaileak hasitako kereila mugarria izan da frankismoko krimenen zigorgabetasunari trabak ipintzeari ekiteko. Itxaropentsu?
Kasu guztiak argitu arte ahalegin sutsuak egiten segitu behar dugula deritzogu, buru-belarri arituz, justizia erdiesteko. Biktimek jada ez dute ezer galtzeko.
Denbora kontua dela uste dutenik ere badira. Noraino luza daitezke gisa horretako kasuak?
Zaila da jakitea, luze jo baitezake oraindik. Ezin dugu etsi, alabaina.
Eskumenen inguruko tirabirek prozesua atzeratu al dezakete?
Espainiak dio lehentasuna duela kasu horietan. Bada, lehentasuna badu, indarrean jar dezala, eta has dadila behingoz ikertzen. Edonola ere, ez da hala: oraingoz ez dugu ikusi prozesurik martxan; horren berririk ez dugu, behintzat. Prozesuak gizartearen borondate eta eskakizunen isla izan behar direla deritzogu. Eta eskaerak gorantz egiten ari direla ikusita, neurriak sendotu egin beharko lirateke bai jendartean eta bai instituzioetan.
Oro har, zer bide geratzen zaie biktimen senideei justizia exijitu eta itxaropentsu jarraitzeko?
Alternatiba denak agortu arte lanean jarraitzea dagokie biktimei: indarrak metatzea eta amore ez ematea. Justizia lortzeko aukera errealak aurkitzeko, beharrezkoa dute elkar hartuta jardutea: fruitu emankorrak lor ditzakete horrela, justizia eskeen sugarra piztuta mantenduta. Nazioartera jotzeko aukera ere zabalik dute biktimek, eta ekinaren ekinez alternatibak bilatuz gero, egoera apropos batera ailegatzea lortuko dute. Esfortzuak emaitza oparoak dakartza.
Biktimekin eta Espainiako Gobernuko ordezkariekin batzartu zinen duela urte eta erdi, NBEren lantaldearekin eginiko bisita batean. Zerekin egin zenuen topo?
Alde batetik, elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu zigun Espainiako Gobernuak; erraztasunak emateko prest zegoela adierazi zigun. Gerora, baina, erosotasunean erori da, eta ez du hitzemandakoa bete. Biktimen elkarteen indarrak harritu gintuen, bestetik. Prozesuaren pisua frankismoan hilikoen bilobek daramate, beste senitartekorik ez dutelako bizirik. Horrek agerian lagatzen du diktaduraren eragina ez dela hil; zitala dela oraindik. Presako eskaera da senideena: ezin dute gehiago itxaron; esku hartzeko eskatzen dute.
Eta zein izan zen epaileen jarrera?
Jabetu ginen nazioarteko eskubidearen ezarpen okerra egiten ari dela Espainiako justizia. Auzitegi Konstituzionalak, adibidez, ez du frankismoko biktimen justiziarako eskubidea bermatu. Erabakigarria izan arren, ez du rol inportanterik jokatu. Ez du aski egin.
80 urteko batez besteko adina dute biktimen senideek. Nolako eragina du bilaketa prozesuan?
Denbora eta erakundeak kontra dituzte. Testigantzak biltzea zaildu diezaieke horrek. Ez da astirik.
Belaunaldi berri horien agerpena keinu positibo bat al da prozesua muturreraino eramateko?
Lehenbailehen justizia lortu ahal izateko argi printza bat da, zalantzarik gabe. Demokraziaren aurreneko hogei urteak igarota hasi ziren hainbat gazte oroimen historikoari oihartzuna emateko eta berreskuratzeko lanetan, 1990. urtearen bueltan. Haiei zor diegu orain normaltzat ditugun aurrerapen asko. Interesgarria deritzot gazteen agerpenari, beste inon ez baita horrelakorik gertatu. Prozesu judizialak indartzeko eta itxaropena agortu ez dadin premiazkoak dira; lema hartzea dagokie. Horrek agerian uzten du desagertze behartuek ez dutela gaurkotasun izpirik galdu. 80 urtera, jendeak egia jakin nahi du. Zigorgabetasuna atzera bueltarik gabeko auzia dela argi dago; galdera da ea noiz lortuko dugun erabatekoa.
35 urte bete dira desagertze behartuak ikertzeko lantaldea eratu zenetik. Zer-nolako aurrerapenak izan dira orduz geroztik?
Balorazioa gazi-gozoa da; argiak nahiz itzalak daude. Alde batetik, 1980. urtean lantaldea abiatu zenean esplizituki ez zen existitzen desagertua ez izateko giza eskubiderik: ez zegoen auzirik, ez eta zigorturik ere desagertze behartuekin lotuta. Gaur-gaurkoz, berriz, ehunka kasu dauzkagu esku artean, eta badira desagertzeengatik kondenatutako agintariak: espetxean da, kasurako, Peruko presidente ohi Alberto Fujimori. Pauso garrantzitsuak eman dira: krimenen erantzule ugari eginikoagatik ordaintzen ari dira, penalki. Frankismoko ikurrekin ere aurrerapenak izan dira. Pentsaezina zen.
Baina...
Kasu horiexek icebergaren punta baino ez dira; desagertze behartuen munduko egoeraren benetako isla ez dira, behintzat. Ziur gaude badirela ezkutuan gordeak dirauten askoz kasu gehiago, lurpetik ateratzeko izuagatik edo interesengatik ia zokoraturik daudenak. Aurrerapausoak aurrerapauso, defizita handia da oraindik egia, justizia eta ordaina lortzeko.
Biktimen ezinegona eta ziurgabetasuna areagotzen du horrek.
Biktimek esperoan segitzen dute, eta dezente geratzen zaigu desagertze behartu guztien erantzuleak epaitzeko eta zigortzeko. Argitu gabeko kasuen kopurua sekulakoa da: 88 herrialderi dagozkien 45.000 kasu ditugu egun zabalik.
Desagertzeen arazoak iraganean bezain bizirik segitzen du Latinoamerikan? Zein neurritan?
Desagertze behartuak globalizatu egin dira. Egungoak, ordea, kasu bakanak dira; ez, behinik behin, gobernuen politika sistematikoek eragindakoak. Migratzaileenak eta droga trafikoekin lotutakoak dira gehienak... Bizi-bizi jarraitzen du arazoak, bai, baina ez politika atzerakoien ondorio bezala. Batik bat, iraganeko desagertze asko eta asko argitu gabe daudelako jasotzen ditugu oraindik salaketa dezente, etenik gabe.
Mexikon desagertutako 43 estudianteen kasua da berriena.
Mexikon, orokortuak dira desagertze behartuak; betidanik gertatu izan dira. Oraingoan, berriz, berezia izan da, herrialde barruko gaitzak bistaratu baitira. Gobernuarentzat proba bat zen ikasleen desagerpena, eta agerian geratu da haren ezintasuna; ez da gai izan momentu latzetan irmo aritzeko, senideak babesteko, ez eta bilaketa planik hitzartzeko ere.
Espainiako kasura itzulita: 60 urtean, 180.000 desagertzetik gora, baina bilaketa planik ez.
Datu base fidagarririk ez, datu genetikoen ingurukorik ere ez, hobi komunen mapa eguneraturik ez... Espainiak uko egin die nazioarteko betebeharrei, eta pribatizaziora jo du. Ikerketen lema hark hartu beharrean, familiak dira egiaren atzetik dabiltzanak: laguntzarik gabe, oztopoz inguraturik... Begirale lana jokatu du PPk, epel, pasibotasun handiarekin. Biktimen senideei DNA probak lehenbailehen egiten ez badiete, etorkizuneko indusketetan kasik ezinezkoa izango da hilotzak identifikatzea.
Badira urratzeko bideak, hortaz.
Artxibo ugari zabaldu gabe daude gaur-gaurkoz. Informazio dezente dago berreskuratzeko, eta frankismoaren aliatu izan ziren estatuen fitxategietan arakatzea ez litzateke aukera txarra. Gobernuek biktimen eskura dituzten tresnak ezarriko balituzte, egia, oroimena eta justizia gertuago leudeke. Terrorismoaren biktimei aitortzen dizkieten eskubideak frankismokoei ere aitortu beharko liekete.
Ariel Dulitzky. Desagertze behartuak ikertzeko NBEko lantaldeko presidentea
«Espainiak uko egin die nazioarteko betebeharrei»
Desagertze behartuen delituak gaurkotasunik ez duela galdu uste du, eta belaunaldi gazteei lema hartzea dagokiela. Ikerketak, epaiketak eta zigor irmoak eskatu ditu frankismoko krimenen erantzuleentzat. Oker aritzea egotzi dio Madrili, kritiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu