Euskal Herria

Espainiako Armadako hegazkin batek lur jo du Bardeetan

Istripua bart gauean gertatu zen. Ez zen hildakorik izan, ezbeharra gertatu aurretik hegazkin pilotuak parapentean salto egitea lortu baitzuen. Asteburuan mobilizazioak egingo dituzte tiro eremuaren itxiera eskatzeko.

2009ko apirilaren 3a
16:39
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Aireko Armadako F-18 hegazkina Bardeetako (Nafarroa) tiro eremuaren gainean maniobra batzuk egiten zebilenean istripua izan eta lur jo zuen; zehazki, Caparroso herrira erori zen. Ezbeharra atzo gauean gertatu zen, 22:30ean.

Ez zen hildakorik izan, istripua gertatu aurretik hegazkin pilotuak parapentean salto egitea lortu baitzuen. Oraindik ez dakite zerk eragin zuen ezbeharra.

Tiro eremuaren aurkako taldeak agiri bidez jakinarazi duenez, "gaueko hegaldiak gero eta ohikoagoak" dira. Era berean, herritarrentzat "arrikutsua" dela eta, "tiro eremuaren deuseztapena eta Jose Antonio Gaiarre Bardeako Batzarreko presidentearen kargugabetzea" eskatu du.

Hain justu, Gaiarrek gertatutakoari buruz hitz egin du eta istripuak "pilotuen trebetasuna, Aireko Armadako entrenamendu handia eta maniobrak egiten dituzten eremuko segurtasuna" erakusten duela adierazi du. Herritarrei lasaitasun mezua ere helarazi die.



Bestalde, NaBaik istripuaren inguruko erantzukizunak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari.

Asteburuan mobilizazioak egingo dituzte tiro eremuaren itxiera eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.