Andoni Ortuzar buruzagi jeltzalea Mariano Rajoy Espainiako gobernubuarekin bildu zen atzo, Madrilen, eta bertan hainbat gai izan zituzten hizpide, besteak beste, Kataluniako egoera eta aurrekontuei buruzko ezabaida, eta, hain zuzen ere, gaur iragarri du EAJk bihar Espainiako Kongresuan egingo den eztabaidan aurrekontuen osoko zuzenketen aurka bozkatuko duela. Era horretan, aurrekontu proposamenek aurrera egingo lukete.
Aitor Esteban diputatuak eman du erabakiaren berri, eta zehaztu du bezperan pentsio sistemaren inguruan lorutako akordioari dagoela lotuta. Hitzarmenaren arabera, pentsio guztiak %1,6 igoko lirateke 2018an, eta KPIaren araberako igoera izango lukete datorren urtean. Era berean, bizi itxaropenari lotutako Iraunkortasun Faktorea 2023ra arte atzeratuko litzateke.
Aurrez EAJk esana zuen ez zituztela eurrekontuak babestuko, baldin eta PPren exekutiboak 155. artikulua Katalunian ezartzeari uzten ez bazion. Gerora, hala ere, leundu egin zuten euren jarrera, eta aurreatu zuten "keinu politiko bat" espero zutela, eta eskatu zieten Kataluniako alderdiei osa zezatela "gobernu egonkor bat".
Jeltzaleen eskaerei erantzunez, Rajoyk esan du 155.a indargabetu eta elkarrizketak hasiko dituztela Katalunian "gobernu egonkor bat" osatzen dutenean, eta EAJk ontzat eman du gobernuburuaren iragarpena.
EH Bilduk kritikatu egin du EAJren eta PPren arteko akordioa. Koalizioko diputatu Marian Beitialarrangoitiak adierazi du "eskuin espainiarrak eta eskuin euskaldunak" pertsonengan pentsatzen dutela soilik herritarrak kalean mobilizatzen direnean eta "aurrekontu antisozial" batzuei "adabakiak" jartzera behartuak ikusten direnean. Beitialarrangoitiak gaineratu du pentsioen %1,6ko igoerak ez duela lortuko horiek "duintzea". Horrez gain, diputatuak ohartarazi du Katalunian gobernua osatu ondoren 155a indargabetuko balitz ere, horrek ez duela Espainiako Gobernuaren "joera autoritarioa eta zentralizatzailea" desagerraraziko.
Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusi Lander Martinezek ere gaitzetsi egin du akordioa. Haren esanetan, EAJk "pentsio ereduari buruzko eztabaida lurperatu" nahi du. Adierazi duenez, pentsioen %1,6ko igoerak "ez du inor atakatik aterako". Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen erdiak hileko mila euro baino gutxiago jasotzen duela gogorarazi du. Pentsiodun horientzat, beraz, akordioaren araberako igoera 15 euro baino gutxiagokoa izango dela nabarmendu du.
PPk, berriz, ontzat eman du EAJrekin lortu duen akordioa. Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidentearen arabera, "Euskadiren eta Espainiaren egonkortasunerako albiste zoragarria da". Akordioak "milaka langileri eta pentsioduni" onura ekarriko diela ziurtatu du. Alfonsok gaineratu du Madrilek Araba, Bizkai eta Gipuzkoara bideratutako inbertsioa %32 handitzeko konpromisoa hartu duela.