Politika

Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabe utzi du Iniziatiba Internazionalista

Hamasei magistratuetatik bostek erabakiaren kontra bozkatu dute. Espainiako Gobernuak eta Fiskaltzak sartu zuten inpugnazioa, hautagaitzak Batasunarekin lotura duelakoan. II-HEk Auzitegi Konstituzionalera joko du; honek ostiral gauera arteko epea izango du erabakia hartzeko.

2009ko maiatzaren 16a
18:00
Entzun
Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna (II-HE) Europako Parlamenturako hauteskundeetarako hautagaitzak ere jaso du kolpe judiziala, Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko salak baliogabe utzi baitu. Gaur goizean hartu du erabakia Gorenak; 11 magistratuk baliogabetzearen alde bozkatu dute eta bostek kontra. Gaur arratsaldeko bostetan bilera hasi du Gorenak, autoa idazteko.

Espainiako Gobernuak -Joaquin de Fuentes Bardaji Estatuaren Abokatuaren bitartez- eta Fiskaltzak sartu zuten Iniziatiba Internazionalistaren aurkako inpugnazioa, ostegunean, hautagaitzak Batasunarekin lotura duelakoan.

II-HEk salatu egin du neurria, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko duela ziurtatu du. Hilaren 22an hasiko da kanpaina eta ekainaren 7an izango dira hauteskundeak.

Konstituzionalak ostiral gauera arteko epea izango du erabakia hartzeko, eta Angeles Maestro II-HEko hautagaiak iragarri du datozen egunetan atxikimendu politiko, sozial eta sindikalen bila ariko dira Espainiako Estatuan eta atzerrian.

Batasuna alderdi politikoa legez kanpo utzi zuen sententzian oinarritu ziren Estatuaren Abokatua eta Fiskaltza inpugnazioa sartzean, eta Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna haren oinordekoa dela zioten.

"Frogen" artean bat nabarmendu zuten: Alfonso Sastre (80 urte) II-HEko zerrendaburua. Euskal Herrian bizi den idazlea, 2008ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Senaturako ANVren Gipuzkoako zerrendan aurkeztu zen, hirugarren tokian. Estatuaren Abokatuak esan du Sastre dela "ETAk botoemaileen aurrean hautatutako amua".

Sastrek iragarria du "modu sinbolikoan" agertu dela zerrendaburu gisa, europarlamentari hautatuko balute erretiratu egingo litzatekeelako; Doris Benegas zerrendako bigarrenak eta Izquierda Castellanako (Espainia) kideak hartuko luke aulkia. Estatuaren Abokatuaren ustez, Izquierda Castellanak ere loturak ditu Batasunarekin, "lankidetza estrategikoa eta operatiboa du". Carlo Fabretti, Angeles Maestro eta Francisco Javier Belarra zerrendakideek ere Batasunarekin harremana dutela dio Joaquin de Fuentes Bardajik.

Fiskaltzaren arabera, Batasunak "kontrolatzen" du hautagaitza hori, "infiltratuen" bitartez; hori dela-eta, Batasuna legez kanpo utzi zuen sententzia aplikatzeko eskatu du Fiskaltzak ere. "Kontrol" hori II-HEko eta ezker abertzaleko hainbat kideren arteko harreman pertsonaletan oinarrituta dago.

Hautagaitza Hauteskunde Batzordean erregistratu zuten maiatzaren 4an, eta bozetan parte hartzeko legeak zehazten dituen izapide guztiak bete dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.