Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 'Bateragune auziko' epaiketa berriro ez egitea proposatu du ebazpen zirriborroan

Epaileak uste du 'non bis in idem' printzipioa urratzen dela, herritarrak gertakizun batengatik ezin direla bi aldiz epaitu dioena.

BATERAGUNE AUZIA
'Bateragune auziko' auzipetuak, Iñigo Iruin abokatuarekin, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urtarrilaren 9a
12:27
Entzun

Juan Carlos Campo Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak zirriborro batean proposatu du Bateragune auziko epaiketa berriro ez egitea. Efe berri agentziaren arabera, txostena datorren asteko osoko bilkuran hartuko dute hizpide, eta bertan onartzea espero dute.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2021eko urrian erabaki zuen Bateragune auziko defentsak jarritako babes helegitea aztertuko zuela lehenik, eta, beraz, horri buruz ebatzi artean Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Rafa Diez ez zituztela berriz epaituko Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Zehazki, Konstituzionalak erabaki zuen behin-behinean etetea Espainiako Auzitegi Gorenak 2020ko abenduan Bateragune auziko epaiketa berriz egiteko emandako sententzia, Konstituzionalak babes helegitearen mamiaz eztabaidatzen zuen bitartean. Hain zuzen ere, Espainiako Auzitegi Gorenak 2020ko abenduaren 14an eskatu zuen Bateragune auziko epaiketa hutsetik berriz hastea.

Orain, epaileak bi arrazoi eman ditu epaiketa berriro ez egiteko. Bat: 2018an Estrasburgok emandako epaiak zehazten du auzipetuen eskariz baino ezin dela berriro egin Bateragune auziko epaiketa. Kasu honetan, auzipetuek ez dute horrelakorik eskatu. Eta bi: non bis in idem printzipioa urratuko lukeela, pertsonak ezin direlako gertakizun beragatik bi aldiz epaitu. Gainera, gogorarazi du bere garaian inputatuei ezarritako zigorrak beteak dituztela.

Kronologia

  • 2009-10-13. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Amaia Esnal, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotu zituzten.
  • 2009-10-16. Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelatzeko agindu zuen Baltasar Garzonek.
  • 2010-4-26. Auzitegi Nazionalak Rafa Diez aske utzi zuen, 30.000 euroko bermea jarrita.
  • 2011-6-27. Epaiketa hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean.
  • 2011-9-16. Otegiri, Diezi, Jacintori, Rodriguezi eta Zabaletari kartzela zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak —Diez handik hiru egunera espetxeratu zuten—. Esnal, Moreno eta Serra absolbitu egin zituen. Defentsak kasazio helegitea jarri zuen.
  • 2011-10-20. ETAk amaitutzat eman zuen jardun armatua.
  • 2012-5-10. Gorenak zigor epaia berretsi zuen.
  • 2012-6-23. Gorenaren erabakiaren aurkako babes helegitea aurkeztu zuten.
  • 2013-6-4. Auziko mamiaz erabaki artean zigortuak aske ez uztea erabaki zuen Konstituzionalak.
  • 2014-7-22. Babes helegitea atzera botata, Zabaleta, Jacinto, Rodriguez eta Otegi preso mantentzea erabaki zuen Konstituzionalak.
  • 2015-10-11. Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez aske gelditu ziren, zigorra osorik beteta.
  • 2016-3-1. Otegi aske geratu zen.
  • 2017-8-17. Rafa Diez ere aske utzi zuten.
  • 2018-11-6. Estrasburgok ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaia ez zela inpartziala izan.
  • 2018-11-15. Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziko epaiaren berrikuspen helegitea aurkezteko baimena eman zion defentsari. 2012ko sententzia indargabe geratzeko aukera zabaldu zuen horrek.
  • 2020-7-31.  Gorenak bertan behera utzi zituen 2012an auzitegi horrek berak berretsitako zigorrak.
  • 2020-10-20. AVT-Verde Esperanza elkartearen eskariari erantzunez, Espainiako Auzitegi Nazionalak Bateragune auzia berriz egitearen aurka egin zuen.
  • 2020-11-19. Epaiketa berriro egiteko eskatu zuen fiskaltzak.
  • 2020-12-14. Gorenak erabaki zuen epaiketa berriro egitea, aho batez.
  • 2021-10-28. Konstituzionalak erabaki zuen Bateragune auziko defentsak jarritako babes helegiteak aztertu artean epaiketa ez egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.