Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu ditu EIPK-ko sei kide

Iheslarien kolektibo horrek 2013an eratutako mintzaidetza taldeko kide ziren sei lagunak. Iheslari eta deportatuen etxeratzea sustatzeko sortu zuten taldea.

Iheslarien kolektiboak 2013ko ekainean egindako agerraldia, Miarritzen. GAIZKA IROZ
Iheslarien kolektiboak 2013ko ekainean egindako agerraldia, Miarritzen. GAIZKA IROZ
Iosu Alberdi.
2025eko maiatzaren 16a
11:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu ditu Jokin Aranalde, Oxel Azkarate, Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin, Idoia Espias eta Lurdes Mendinueta. Sei euskal herritar horiek Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 2013an sortutako mintzaidetzako kide ziren. EIPK-k egindako Herria dugu arnas gogoetaren ondoren eratu zuten taldea. Xede gisa jarri zituzten konponbiderako bidean eragile aktibo izatea eta iheslari eta deportatuen etxeratzea sustatzea. Hamabi urte geroago, eginbideak hasi ditu auzitegiak, «erakunde terrorista» bateko kide ote diren zehazteko.

Naiz-ek argitaratu duenez, interlokuzio talde hartatik gaur egun estatuan bizi diren sei lagunen kontrako prozesua hasi dute Auzitegi Nazionalean, eta astelehenean deitu ditu deklaratzera. Bideokonferentziaz egingo dute, Donostiatik. Zehaztu dutenez, ETAri 1999 eta 2010 artean atzemandako dokumentuak dira prozesuaren oinarria; hau da, erakundeak bere jarduera armatua behin betiko eten aurrekoak. Halere, sumarioa sekretupean dago, eta oraingoz ez dago zehaztapen gehiago. Beraz, ikusteko dago zer den zehazki leporatzen zaiena. 

Auzitegiak, baina, erreferentzia egiten dio duela hamabi urte EIPK-k hasitako prozesuari. Kolektiboak bi urte inguru zeramatzan egoera berrira egokitzeko gogoeta prozesu batean —Herria dugu arnas izena jarri zioten—, eta 2013ko ekainean haren emaitzak plazaratu zituzten. Adierazle nagusia Miarritzen egindako Elkartasun hatsa ekitaldia izan zen. Han, dozenaka iheslarik parte hartu zuten, eta haien izenean hala mintzatu ziren: «Ez dadila pertsona bakar bat ihes egitera beharturik izan etorkizunean, eta guk egin dugun bidea pairatzera».

Halere, beste agerraldi bat da Auzitegi Nazionalak jomugan jarri duena, egun batzuk lehenago beste mugarri bat ezarri baitzen. «Egoera politiko berrian kokatu ondotik, prozesu demokratiko bati ekarpena egiteko» urrats bat egiteko prest azaldu zen iheslarien kolektiboa, Baionan egindako prentsaurreko batean. Lehen aldiz mintzaidetza bat izendatu zutela azaldu zuten, besteak beste iheslari eta deportatuen Euskal Herriratzea sustatzeko helburuarekin. Horretarako, talde hark harremanak sustatzeari ekin zion, eta helburu gisa jarri zuen Espainiako eta Frantziako gobernuetako ordezkariekin ere hitz egitea.

Mintzaide taldearen nondik norakoak ere azaldu zituzten Baionako agerraldi hartan. Kizkitza Gil de San Vicente, Jon Irazola, Lurdes Mendinueta eta Eulogio Talaverak hartu zuten hitza, eta talde hartako kide nortzuk izango ziren jakinarazi zuten. Hamalau lagunek osatu zuten hura, eta tartean ziren Aranalde, Azkarate, Ezkerra, Arin, Espias eta Mendinueta.

Orduan, Auzitegi Nazionalak ez zuen kide horien kontrako neurririk hartu, eta azken hamabi urteetan iheslari gehienek Euskal Herrirako bidea hartu dute; zenbait kasutan, auzitegietatik igaro ostean. Horren erakusgarri, 2018 erdialdean 65 iheslari inguru eta hamalau deportatu zeuden. Orain, berriz, hamabost iheslari eta hiru deportatu daude, Etxerat elkartearen datuen arabera.

Orain, baina, jomugan jarri ditu Instrukzioko Epaitegi Zentralak, argudiatuz ikertzen ari dela ea ETAren zuzendaritzak emandako jarraibideak bete ote zituzten, eta ea talde hartako kideak ETAren «diziplina organikoaren» pean jardun ote zuten. Horretarako, argudiatu du mintzaidetza talde hark iheslarien arteko zuzendaritza lanak egiten zituela, haien egoeraren jarraipena egin eta asistentzia juridikoa eta ekonomikoa eman.

Sortuk «eraso saiakera» bat dela salatu du, eta elkartasuna adierazi die sei lagunei. Sare sozialetan, Haimar Altuna alderdiko gatazkaren ondorioak konpontzeko batzordearen arduradunak adierazi du ez dutela onartuko «Euskal Herriak bakean, elkarbizitzaren bidetik eta askatasunean bizi dadin» eragozteko oztoporik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.