Espainiako Auziategi Nazionaleko instrukzio epaile Santiago Pedrazek Josu Urrutikoetxea auzipetu du, «erakunde terrorista bateko zuzendaritzako kide» izatea egotzita. Herriko tabernen auziarekin lotuta auzipetu du, instrukzio epailearen iritziz Urrutikoetxea ETAko «buruzagi nagusia» izan zela pentsatzeko frogak baitaude; besteak beste, erakunde armatuaren disoluzioaren berri eman zuelako.
Autoaren arabera, Urrutikoetxeak, «Espainiatik 2002an ihes egin zuenetik atxilotu zuten arte, ETA talde terroristako buruzagi nagusietako baten gisan jardun zuen». Efe albiste agentziak azaldu duenez, Pedrazek argudiatu du hipotesi hori sendotzen dutela Urrutikoetxeari haren atxiloketan, 2019ko maiatzean, konfiskatutako dokumentuek.
Zehazki, epaileak azaldu du haren esku zeuden zenbait dokumentu «ETAko kide kopuru txiki eta mugatu baten eskura soilik» zeudela, eta kide horiek «zuzendaritzat» jo daitezkeela. Era berean, argudiatu du zuzendaritzako kide izanda soilik uler daitekeela Espainiako Gobernuarekin bildu izana —2004an Jose Luis Rodriguez Zapaterok ETArekin abiatutako elkarrizketetan parte hartu zuen— eta ETAren amaieraren berri eman izana, 2018ko maiatzean.
Auzitegi Nazionalak 2002an ireki zuen 35/02 auziko sumarioa, herriko tabernen auzikoa. Epaiketa 2013an hasi zen, eta prozesu hartan 101 herriko taberna konfiskatzeko agindu zuten auzitegiek —lehenik, Auzitegi Nazionalak; gero, Gorenak—, eta urtebete eta hiru hilabete, eta urtebete eta hamar hilabete arteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten hogei laguni, «erakunde terrorista bateko kide» izatea leporatuta.
Izatez, 2005eko otsailean auzipetu zuten Urrutikoetxea ere, auzi horri lotuta, baina hura ihesean zen orduan. Gerora, behin hura atxilotuta, Auzitegi Nazionalak euroagindu bat bidali zion Frantziari, auziari lotuta, eta Frantziako Kasazio Auzitegiak ontzat jo zuen 2020an. Halere, iazko maiatzean itxi zuen sumarioa Pedrazek berak, eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretora bidali zuen. Bigarren Zigor Aretoak, baina, ekainaren 26an erabaki zuen itxiera hori etetea, Dignidad y Justicia elkarteak aurrez egindako eskaerari men eginda. Hala, Urrutikoetxeari konfiskatutako materiala dela medio, fiskaltzak auzipetzearen alde egin zuen.
Ez da Urrutikoetxearen kontra martxan den auzi bakarra. 2002tik 2005era ETAko kide izan zelakoan epaituko dute urrian, «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. Parisko Dei Auzitegian.
Behin Frantzian dituen auziak amaituta, Espainiaratu dezakete Urrutikoetxea, ETAk 1987an Guardia Zibilaren Zaragozako kuartelaren kontra egindako ekintzaren harira; Frantziak 2020an onartu zuen estraditatzea. Urrutikoetxeak ukatu egin du ekintza hartan parte hartu izana, baina fiskaltzak 2.354 urteko espetxe zigorra eskatzen du harentzat. Era berean, 2006an ETAk Madrilgo aireportuan egindako atentatuaren harira ere bada prozesu bat haren kontra.